Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.
Hitanoa bultzatzeko asmoz sortu zen ZirHika taldeak antolatu du azokako egitarauaren baitan Hikadromoa. Hika dakien edo ikasten ari den oro gonbidatuta dagoela iragarri du mugimenduak.
Bagera euskara elkarteak gidatuko du Hikadromoa. Laukoteak osatuta jardungo dute hika, hamabost minuturo taldez eta gaiz aldatuz.
Izena emateko bi modu daude. Batetik, online formularioa bete daiteke, edo bestetik, telefono hauetara deitzeko aukera dago: 943121775 edo 652750947.
Anima hadi! Beldurrik gabe hikaratu! lelopean aurkeztu dute egitasmoa. Hala eta guztiz, ez da Durangoko Azokan hitanoaren inguruan antolatu den jarduera bakarra.
Abenduaren 6an, areto nagusian hika ikasteko Appa Hi! aplikazioaren bertsio berriak aurkeztuko dituzte. Abenduaren 7an, berriz, "Hik eta biok" mahaingurua izango da Deustuko unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak antolatuta.