argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa bueltan da
  • Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin jolasten maisu den Joxan Elosegik dagoeneko prest ditu probak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko otsailaren 01

Hitz gurutzatuen zortzi txapelketa egin dira Irunen, eta berrogei lagun inguru batu izan dira edizio bakoitzean, Euskal Herri osotik bertaratuak. Denborapasen Luma aldizkariak antolatu ditu, harik eta edizio gehiago ez egitea erabaki zuen arte. Orain, hamarkada bat igaro denean, Aitzondo Irungo euskara taldeak lekukoa hartu eta txapelketaren bederatzigarren edizioa iragarri du. “Korrika hemen hastea bada erakusleiho polita Irunentzat eta Aitzondon aitzakiatzat hartu dugu txapelketari berriz heltzeko”, adierazi dio ARGIAri Beñat Muguruza Aitzondoko kideak. Hurrengo urteetan ere jarraipena eman nahi diote txapelketari.

"Oso jende gutxik dauka Joxan Elosegik duen euskararen eta hitz gurutzatuen halako ezagutza, maila horretako definizio eta sasi-definizio jostalari eta bihurriak asmatzeko, horrek ematen dio grazia txapelketari"

Korrikaren antolatzaile AEKrekin elkarlanean ari da euskara taldea, eta Irungo Udalaren inplikazioa ere nahi dute. Aurreko edizioetan bezala, Joxan Elosegi denborapasen sortzaile irundarrak prestatu ditu jokoak. “Joxan Elosegi, hitz gurutzatuetan maisu handienetakoa, Irunen dugu, eta Aitzondorentzat luxua da berak eskaintzen duen bermearekin lan egitea -azaldu du Muguruzak-. Probak prest daude dagoeneko eta maila altukoak dira, oso jende gutxik baitauka euskararen eta hitz gurutzatuen halako ezagutza, maila horretako definizio eta sasi-definizio jostalari eta bihurriak asmatzeko, horrek ematen dio grazia txapelketari”.

Proba, txapela eta bazkaria

Aipatu moduan, “giro alaian eta patxadan”, euskarazko hitz-jokozaleei elkarrekin topo egiteko eta elkar ezagutzeko aukera eskaini nahi die txapelketak. 14 urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte, 5 euro ordainduta eta www.hitzgurutzatuak.eus webgunean edo 685783470 telefono bidez izena emanda, otsailaren 29a baino lehen. Animatuko direnek jakin dezatela hiztegi-liburua erabili ahal izango dutela, ez ordea hiztegi elektroniko, telefono edo ordenagailurik. 10:30en bueltan egingo dute hasierako proba eta 12:30ak aldera, finala, jendaurrean.

Ondoren, txapela jantzi eta sariak banatuko dituzte, eta bazkaria antolatu dute parte-hartzaile eta lagunentzat, 20 euroan.