Gure haurrak ere badira ekimenak ekainaren 20rako iragarri du deialdia. Palestinako seme-alabei eta gurasoei elkartasuna adierazi diete, eta “haurrak gerraren helburu ez direla bermatzea” eta “giza eskubideen urraketen aurrean justizia” eskatu dute Bilbon.
Gure haurrak ere badira ekimenak Palestinako haur, nerabe eta gurasoekiko elkartasuna adierazteko agerraldi jendetsua egin du igandean, ekainaren 16an, Bilbon. Israel Palestinako adin txikikoen aurka egiten ari den genozidioa geldiaraztea eskatu dute eta ekainaren 20rako Euskal Herriko ikas zentro guztietan deialdi bateratua iragarri dute. Hezkuntza komunitatearen elkartasuna eskatu dute eta jakinarazi dute Ikastolen Elkartea, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea, ELA, LAB, Steilas, CCOO, CNT eta ESK sindikatuak eta hainbat elkarte batu direla deialdira.
Palestinan erail dituzten haur eta nerabeak “gure seme-alabak ere badirela” adierazi dute Gure haurrak ere badira ekimeneko kideek. Bertaratutako gurasoek palestinar gurasoak haien neba-arrebak direla adierazi dute eta palestinarrek duten mina “bihotz barrenetan” sentitzen dutela. Palestinar herria bakarrik ez dutela utziko adierazi dute eta “Israelek genozidioarekin jarraitzeko asmoa duenez, datorren kurtsoan mobilizazioekin jarraituko” dutela adierazi dute.
Bilboko hemezortzi eskola publikoetako guraso elkarteek eta hiru ikastolek osatutako dinamikak genozidioa jasaten duten haurretan eta nerabeetan jarri du arreta bereziki. “Haurrak gerraren helburu ez direla bermatzea” eta “giza eskubideen urraketen aurrean justizia” eskatu dute. Ekialde Hurbilean lan egiten duten hainbat erakunderen arabera, 13.000 haur baino gehiago hil dituzte Gazako Zerrendan eta Euro-Med Human Right Monitorren datuen arabera, 34.000 pertsona baino gehiago hil dituzte Palestinako lurralde okupatuetan urritik hona, Gure haurrak ere badira ekimenak jakinarazi duenez.
Umeek jasaten duten jazarpena
Gazan, bost urte baino gutxiagoko 335.000 ume daude gosez hiltzeko arrisku larrian eta 17.000 ume inguru gurasorik gabe. “Gerra haurren aurkakoa izateak argi erakusten du Israelen asmo genozida planifikatua”, adierazi dute. Save The Childrenek zabaldutako datuen arabera, “haur hezkuntza ez da existitzen Gazan eta umeek funtsezko hezkuntza izateko aukera ez dute”, Gure haurrak ere badirak jakinarazi duenez. Euskal Herrian palestinar umeen alde ekintza gehiago egin dira ekainaren 20koaren aurretik.