argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko heavy metal eszena erdalduntzen ari da?
  • Alarma jo du Herriko Burdina ekimenak: hedabideetara bidalitako ohar batean adierazi dutenez, Euskal Herrian heavy metala egiten duten “talde askok eta eragile hainbatek euskara bigarren mailan kokatu dute. Banda askok gaztelania eta ingelesa lehenesten dituzte komunikatzeko”.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko apirilaren 03a
Euskal Metal Fest-en aurtengo kartela. Herriko Burdina ekimena kezkatuta agertu da, honelako festibaletan euskara bigarren mailan geratzen delako.

2002. urtean sortu zen Herriko Burdina webgunea, Inaxio Esnaola kazetariaren ekimenez. Geroztik, “taldeen eta eragileen euskarazko bozgorailua” izateko asmoz lan egin du eta, ia bi hamarkadako ibilbide horretatik, tendentzia kezkagarri bati buruz hitz egin du prentsari bidalitako ohar batean.

Herriko Burdinaren arabera, problema orokorra da Euskal Herriko heavy metal eszenan: taldeek hizkuntza handiagoak erabiltzea da problemetako bat, baina ez bakarra. “Kontzertu eta jaialdiekin gauza bera gertatzen da. Kartel asko gaztelania hutsean ikusi, jaso eta elkarbanatzen ditugu”, azaldu dute oharrean. “Informazioa euskaraz (ere) jartzea ez da horren zaila”, azaldu du ekimenak eta gogora ekarri du maiz eskatu dutela “karteletako informazioa elebitan jartzeko, baina arrazoi xelebre batzuengatik ez da posible izan”.

Zehazki, bi festibaletan jarri du fokua Herriko Burdinak: Euskal Metal Fest eta Dimetal Fest. “Komunikazioari dagokionez, gaztelania lehenesten dute eta saiatzen diren arren, euskarari ez diote merezi duen garrantzia ematen”, Herriko Burdinaren arabera.

Webgunetik bi jaialdiak babesten jarraitzeko asmoa dutela gaineratu du, baina egoerari buelta eman behar zaiola azpimarratu du. Horretarako laguntza eskaini du publikoki Herriko Burdinak, itzulpenak eta aholkuak emateko prest agertu da ekimena. “Izan ere, Euskal Herrian heavy metala (ere) euskaraz bizi, konpartitu, hedatu eta gozatu nahi dugu”.