argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko hainbat herritan kalean lo egingo dute harrera duina eskatzeko
  • Migratuen eta arrazializatuen kolektiboek eta elkarri laguntzeko sareek eta kolektiboek gau osoko kontzentrazioa deitu dute ekainaren 8an Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Barakaldo, Irun eta Artean, harrera duina aldarrikatzeko.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 08a

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Foru Aldundiari bertan bizi diren edo aldi baterako dauden pertsonen oinarrizko eskubideak bermatzeko eskatzeko zenbait ekintza egingo dituzte Hego Euskal Herriko zazpi udalerrietan.

Deialdia egin duten erakundeek atzerritarrei buruzko legedia salatu nahi dute, arrazismo instituzionalaren adierazpen gorena dela uste baitute, milaka pertsonari beren bizi-proiektuak garatzea galarazten dielako eta irregulartasunera kondenatzen dituelako.

Deialdia egin duten erakundeek honakoa adierazi dute: “Argi daukagu egoera horri aurre egiteko bitartekoak jartzen ez badituzte borondate politikorik ez dutelako dela. Borondatea eta erantzukizuna dagoenean bitartekoak aktibatu egiten dira, eta hori erakusten du erakundeek Ukrainako nazionalitatea duten errefuxiatuei egiten dieten harrerak” gehitu dute.

Hauek dira ekimenak egingo dituzten herriak: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Barakaldo, Irun eta Artea. Parte-hartzaileek hainbat ekitaldi egingo dituzte kalean lo egin aurretik, hala nola esterillekin eta kartoiekin kalejirak eta mikro irekia, testigantza partekatu nahi duten pertsonentzat. Era berean, ekintza paraleloetan, atzerritarrei buruzko legeriak baldintza duinetan lan egiteko aukera mugatzen dien pertsonen eskubide berdintasunik eza salatuko dute.