argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko Gazte Feministak, mugimendu feministaren historia letra propioz idazten jarraitzeko tresna berria
  •  Euskal Herriko Neska* Gazteak sareak agerraldia egin du asteburu honetan Oreretan subjektu politikoa aldatu duela jakinarazteko. Hemendik aurrera, sareak Euskal Herriko Gazte Feministak izena hartuko duela iragarri dute.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2024ko ekainaren 04a

Azaldu dute mugimendu baten subjektua ez da egun batetik bestera aldatzen: prozesu luzeak, akatsak eta zuzen egindakoak behar dituela. Mugimendu Feministaren parte direnek ondo dakitela hori, ugariak bezain beharrezkoak izan baitituzte subjektu politikoaren inguruko eztabaidak, bere zabalpenak eta problematizazioak.

Euskal Herriko Neska* Gazteen sarea ez da honen salbuespena izan. Elizondoko Baterajotzean mahaigaineratutako egonezin eta gatazkak, Usurbilgo Baterajotzeko mahai-inguru zentralera eraman zituzten, bertan proposatu eta kolektiboki berretsiz subjektu politikoa aldatzearen erabakia. Urriak 14 hartatik gaurdaino, eztabaida politiko hauek praktika eta estrategia militanteetan zein forma hartzen duten hausnartzen aritu dira.

Euskal Herriko Neska* Gazteak militantzia eta feminismo eskola izan da gazte askorentzat. Euskal Herriko Neska* Gazteak diskurtso feministak beraienak egiten hasteko, herriak feminismotik eraldatu eta herrian feminismotik bizitzeko, boteretzeko eta politika egiteko lekua izan da. Esperimentatzeko, desnormalizatzeko, gizonen botereari uko egiteko eta aliantza feminista sendoak eraikitzeko espazio izan da.

Mahaigaineratu dute eraldaketa gaitasun ikaragarria duela osatzen duten sareak. Baina testuinguruak eta estrategiak aldatzen doazela, eta ez direla betiereko estrategia puruen zaleak, ez dituztela gustuko akatsik ez dituzten teoriak, dena azaldu nahian ezer azaltzen ez dutenak. Beraien bizitza konkretuetatik ari direla, bertan egiten baitute borroka. Bertan ikasi dutela patriarkatuaren aurka egiteko funtzionatzen dien horretatik aritu behar direla. Eta orain arte sareak azaldu duen eraldaketa gaitasuna biderkatzeko, subjektu politikoa eta, beraz, Euskal Herriko Neska* Gazteak izena aldatzera doazela.

“Aldaketa hau neska identitatearen eta heterosexualitatearen problematizaziotik abiatzen da”. Azaldu dute bizirauteko gizartearen beste erdiarentzat dohainik lan egiteak egiten duela, bat, emakume. Eta lan hori erregimen heterosexualean egikaritzen dela. Horregatik, emakume izatea ez dela ezer biologikoa, ezer berezkoa ezta desiragarria ere.

Sareko kide asko sozializatzen dira neska gisa. Eta badira ere, patriarkatuak sortu dituen emakume-gizon kategoria dikotomikoak gainditzen dutenak, zis heterosexualitatearen disidentziatik. Baina sozializazioak sozializazio, aldarrikatu dute guztiak ari direla emakume klasearen alde, bere desagerpenera iritsi arte.

Beraz, sareko kideak elkartzen dituena ez da “neska” izatea. “Norbera sentitzen den horrek” baino, patriarkatuagatik zapalduak izateak eta bere aurka egiteak” elkartzen ditu. Proiektu politiko batek elkartzen ditu. “Sistema iraultzeko eta berri bat eraikitzeko nahiak eta konpromisoak ditu. Finean, feminista izateak” elkartzen ditu.

Beraz, helduleku berri batetik ekingo diote. Euskal Herriko Neska* Gazteak izatetik, Euskal Herriko Gazte Feministak izatera pasatuko dira. Izena eta izana aldatzera doaz, bai, beraien burua izendatzeko era aldatzea ezinbestekotzat dutelako diren hori eraldatzen hasteko. Eta bide horretan iruditegi, kolore eta formak ere aldatuko dituzte, deformatuko dira, hautsi eta berriz elkartzeko. Gatazkak elikatuko dituzte, bai, baina batera, asanblada, kolektibo eta sareetan.

“Subjektu politikoaren aldaketak, patriarkatua ulertzeko markoa berrezartzeko abagunea irekitzen” diela azaldu dute. “Emakume identitatearen problematizazioak, diskurtsoak berritu eta erradikalizatzekoa. Euskal Herriko Mugimendu Feminista arnas berritu eta astintzekoa, erronka berriei toki eraberrituetatik eustekoa, borrokak hauspotzekoa eta gaitasun eraldatzaileak biderkatzekoa. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren historia letra propioz idazten jarraitzeko” sortu dute Euskal Herriko Gazte Feministak.