Ibai Agirrebarrena baionarraren egitasmoa da erreportajea. Euskal Herriko gatazkaren parte izan diren hainbat pertsona elkarrizketatuko ditu Jauzia izeneko lanean. Dagoeneko martxan dago ekimena finantzatzen laguntzeko crowdfundinga, Arnasa Luzea plataforman.
Jauzia erreportajean, 1980ko eta 1990ko hamarkadetan Euskal Herriko gatazkaren parte izan diren nazionalitate frantziarreko pertsonak elkarrizketatuko ditu kazetariak.
Politikatik edo gatazkatik kanpo bizi izan ziren “pertsona arrunten” testigantzak bilduko dira, azkenean, modu batera ala bestera, Euskal Herriko gatazkan parte hartu dutenenak.
4.800 euro behar dituztela kalkulatu dute Jauzia proiektua gauzatzeko eta dagoeneko ekarpenak jasotzen hasi da egitasmoa. Kopuru hori lortzen ez badu ere erreportajea egingo duela adierazi dio Ibai Agirrebarrenak Berria egunkariari eskaini dion elkarrizketa batean.
Arnasa Luzea plataforma Zuzeuren babesean sortu dute. Ohiko kazetaritzaz haragoko euskarazko lanak laguntzeko asmoarekin sortu da eta crowdfundigaren bidez kazetarien lana finantzatzen lagunduko du. Kazetari eta komunikatzaileei euren lana egiten laguntzea da plataforma honen helburua.
Proiektuaren aurrerapen bideoa ere jarri dute sarean: