argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da
  • Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 21
Euskal Herriko filosofia zaleen sarea

Sarea sortzearen ideia Agora filosofia elkarteak antolatzen duen Pentsatu! jaialdian sortu zela azaldu dute, 2024ko azaroaren 22an. Ideiari jarraipena emateko bilera ireki bat antolatu zuten 2025eko otsailak 6an, eta bertan, ideia garatu duen talde bultzatzailea osatu zuten. 

Taldearen bigarren bileran Filosofia Zaleen Sarea sortzeko prozesu "publiko eta parte-hartzailea" martxan jartzea erabaki zuten. "Sarea espazio ireki, zabal eta herritar" bezala proposatzen dela eta filosofia "jendartearen eremu guztietara zabaltzea" nahi dutela adierazi dute. Prozesua beraz, "ekimen herritarra pizteko txinparta" izango da. 

Prozesuak urte beteko luzapena izango duela eta "zabaltze eta hedatze dinamika progresiboak" garatuko dituela jakinarazi dute. Bide horretatik, Udaberrian zehar, pertsona zein eragileekin, aurkezpen dinamikak aurrera eramango dituztela ezagutarazi dute. Gainera, maiatzaren 22rako hiriburuetan lehen bilera irekia egitea aurreikusten dute, informazioa zabaltzeko eta ekarpenak jasotzeko. 

Prozesuaren berri gehiago izateko eta sarea pertsona gehiagoren artean hedatzeko informazioa web orrian dutela adierazi du Sareak. Halaber, web orrian sarekidea egiteko izena eman daitekela jakinarazi dute.