argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko eskubide sozialen kartaren lehen zirriborroa onartu dute
  • Euskal Herriko eskubide sozialen karta sortzeko hirugarren asanblada egin zuten hainbat eragile sozialek eta sindikalek igandean Donostian. Bertan, kartaren lehen zirriborroa onartu zuten. 

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 07a
Hirugarren asanbladako partaideak

Eskubideen “gainbeherari” erantzuna eman nahi diote kartaren sustatzaileek eta “gehiengo sozial baten mesedetan dagoen sistema” eraikitzea dute helburu.

Gutunak, beraz, bi asmo nagusi dauzka. Batetik, Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzako bizi baldintza duinak lortzea. Bestetik, ekonomia eta baliabideak euskal herritarren zerbitzuan jartzea. Horrez gain, karta “mobilizazio tresna” ere izatea nahi dute proiektuko partaideek. “Mobilizazio sozialik gabe ez dago politikak aldatzerik”, adierazi dute, ohar baten bitartez.

Maiatzaren 25ean egin zuten eskutitza zirriborratzeko lehenengo batzarra. Geroztik, edukiari buruzko eztabaidan dihardute.

Hirugarren asanbladaren ostean, “kartaren eraketaren fase berriari” ekingo diote. Hala, herrietara eta sektoreetara zabalduko dute hausnarketa. Ondoren, abenduaren 14an, laugarren batzarra egingo dute, herrietako prozesuak aztertu eta aurrerantzean egin eman beharreko urratsak zehazteko.

Hemen karta osatzeko arrazoiak: Euskal Herriko eskubide sozialen karta. Zergatik eta zertarako?