argia.eus
INPRIMATU
Euskal presoen amnistia eskatzeko kateatu dira Bilbon Espainiako Gobernuaren Delegaritzan, Gasteizen Legebiltzarrean eta Donostiako udaletxean
  • Abenduaren 30ean Zaballako espetxera martxa egingo du Aske antolakundeak, euskal preso politikoek jasaten duten jazarpena salatu eta elkartasuna adierazteko. Gasteizko Eusko Legebiltzarrean, Bilboko Espainiako Gobernuaren Delegaritzan eta Donostiako udaletxean kateatu dira.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 26a
Bi kide kateatu dira Donostiako udaletxean Dani Blanco / ARGIA (CC-BY-SA)

Gasteizko Eusko Legebiltzarrean, Bilboko Espainiako Gobernuaren Delegaritzan eta Donostiako udaletxean kateatu dira aldi berean larunbatean Aske antolakundeko kideak, "euskal preso politikoek jasaten duten jazarpena salatu eta amnistia osoa aldarrikatzeko". Iruñean ere saiatu dira Espainiako Gobernuaren Delegaritzan bi kide kateatzen, baina Espainiako Poliziaren presentzia handiaren ondorioz ez dute lortu. Abenduaren 30ean Zaballako espetxera egingo duten martxaren berri ere eman dute, presoek jasaten duten “espetxe politika krudela” salatuta; eguerdiko 12:00tan elkartuko dira Zaballa azpiko biribilgunean.

Aske antolakundeak adierazi du oraindik preso politiko asko dituztela gatibu Espainiako zein Frantziako estatuek euren gartzeletan: “Bakean bizi garela esaten duten bitartean, Euskal Herriko askapen nazional eta sozialaren alde borrokatzeagatik 152 euskal preso politiko bahituak dituzte”. Hala, espetxeak “militante iraultzaileak isolatu, zokoratu eta euren militantzia politikoa ezbaian jartzeko” tresna direla salatu dute. Hori dela eta amnistia aldarrikatu dute alternatiba bakartzat, eta etorkizunean euskal preso politiko gehiago egon ez daitezen bermatzen duen “alternatiba bakarra” dela azpimarratu dute.

Gasteiz / Argazkia: Aske
Bilbo / Argazkia: Aske