Dinagu kolektiboak Biziola kooperatibarekin elkarlanean antolatuta, Euskal Herriko emakume sortzaile eta ekoizle txikien Gabonetako azoka egingo da abenduaren 16an eta 17an Lazkaon. Larunbatean 31 sortzaile bilduko dira, eta igandean beste 30 desberdin.
Bitxigileak, ilustratzaileak, zeramikagileak, jostunak, kosmetikagileak... Emakume sortzaile ugariren lanak topatuko ditu bisitariak. Larunbatean goizeko 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara izango da zabalik azoka, eta igandean 11:00etatik 15:00etara.
Dinagu elkarteak Nomadak Gaitun! azoka ibiltaria jarri zuen martxan duela bi urte, "emakume eskulangile ezberdinen lanek presentzia duintasunez izateko" helburuarekin sortua, proiektuko kideek diotenez. Azpeitian hasi eta Gernika, Donostia, Laudio, Iruñea, Oñati, Sara, Tolosa eta Durangotik pasata, Lazkaon izango dute hurrengo geltokia. Oraingoan Biziola izan dute bidelagun, kontsumo ohiturak eraldatzeko jaio den kooperatiba, "Goierriko herritarrak, ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak eta bestelako erakundeak saretu nahi dituena".
"Gabonetako opariak modu kontziente batean egin ahal izateko parada ezin hobea izango da Lazkaon", azaldu dute antolatzaileek. Parte hartzaileen artean daude, bestea beste, Itzal diseinua, Zatika, Athora Manthara, Kiribil zeramika, naturalkiller, Ione Larrañaga, Torontile, Kuttun art, Harri Kosko, Laia Varela Joyas, Lavandula, Kaori, Amlu, Amesgile argitaletxea, Amalur, Maduixa Gorria, Hartara, Hazi eta Hezi, Nauena, Emi Artesania, Astigoxo, Oihel, Pott Keramika...