argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko biztanle guztiei jaten emateko adina arrain arrantzatzen da Bizkaiko golkoan
  • Gaindegiaren azken azterketaren arabera, euskal herritarren gehiengoak bertako arrain fresko gutxiago kontsumitzen du. 2008 eta 2019 artean, 7,4 kilo gutxitu da Euskal Herriko biztanle baikotzaren urteko kontsumoa.

     

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 20a

Gaindegiaren azken azterketaren arabera, “Bizkaiko golko osoa euskal herritarren elikagai kontsumoa asetzeko eremu naturala dela ulertuz gero, egun baxuran zein alturan arrantzatutakoa aski da Euskal Herriko arrain kontsumotik eratorritako beharrak asetzeko”.

Naizek jaso duen erreportaje batean, Bizkaiko golkoaren “hornidura-gaitasun handia” azpimarratu dute, hainbat espezieri dagokionez. Hala nola, berdela, sardina, antxoa, legatza, txitxarroa, lupia eta hegaluzea ugariak dira gure itsasoan. Zapoa, txipiroia eta urraburua, berriz, urritasun egoeran aurkitzen dira, euskaldunon kontsumo ohiturei erreparatu ezkero.

Halaxe adierazi du Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaile nagusiak Naiz komunikabideari: “Egungo merkatuko joerak, gizarte kontsumista honetakoak, aldatu egin beharko dira, bertako sektoreak merkatuan bere lekua izatea nahi baldin badugu. Ezin dugu jarraitu kanpotik datorrena lehenesten, bitartean bertakoa akabatzen ari baldin bagara”. Esnaolaren iritziz, Bizkaiko golkoa “emankorra” da, baina elikadura ohiturak ez dira urok eskaintzen dutenera egokitzen. Horren ordez, prezio aldetik lehiakorragoak diren urruneko produktuek aurrea hartzen diete euskal uretan arrantzatutakoei. “Ez daitezke gaur egun bezain eskuragarriak izan, horrek eramaten gaituelako bertako arraina ahaztu eta urrunekoa arrantzatzera, edo bertako flota gutxietsi eta ur handitako flotak gorestea”, dio Esnaolak.

Arrain freskoa behera

Gaindegiak erauzitako ondorioen arabera, euskal herritarren elikadura ohiturak aldatzen ari dira. 2008 eta 2019 artean, 7,4 kilo gutxitu da biztanle baikotzaren urteko kontsumoa. Horren baitan, arrain freskoaren kontsumoak jasan du apaltzea, izan ere, hamaika urtean lau kilo murriztu baita. Beheranzko joera hori, ordea, 2013tik aurrera jazo da. Orduan, azken hamaika urteetako arrain kontsumo handiena izan zen. Biztanle bakoitzak, bataz beste, 36 kilo arrain kontsumitu zituen urtean. Kopuru horretatik 19 kilo arrain freskoarenak ziren. 36 kilo horiek 26 izatera pasa dira 2019rako, eta hamar kiloko jaitsiera hori arrain freskoari dagokio %60an, hain zuzen ere. Dena den, harrapatutako arrain masa, orotara, ez da txikitu azken hamarkadetan.

Inportazioak gora

Urruneko itsasoetako produktuak nagusitzen ari dira Euskal Herriko erosketetan. 2019an Amerikatik 26.340 tona iritsi ziren Hego Euskal Herrira. Espainiako Estatuko Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko datuek diotenez, prozesatutako 5.700 tona arrain iritsi ziren AEBetatik, Ekuadorretik 990 tona krustazeo bidali zituzten, eta arrain lehor zein gazituari dagokionez, Groenlandiatik 900 tona heldu ziren; Kanadatik, aldiz, 560 tona.

Ordaindu ezinik

Pandemiaren erdian elikagai freskoen prezioek gora egin dute orokorrean. Gaindegiak horren inguruan ere hainbat datu aurkeztu ditu. Aurtengo maiatzean, adibidez, iaz baino %2,1 eta %4,8 garestiago saldu da arraina Ipar eta Hego Euskal Herrian, hurrenez hurren. Saltokietan prezioa igo den bitartean, enkantean ez du joera bera izan, eta antxoaren sasoia bete-betean zela nabarmendu zen. Kiloa eurotik behera saldu zen enkantean; saltokietako prezioa, berriz, kopuru hori boskoiztera ere iritsi zen. Horrek “mendebaldeko gizartearen paradoxa” azaleratzen duela azpimarratu du Esnaolak, hots, kalitate txarreko edo proteina eskaseko elikagaiak gero eta merkeagoak diren bitartean, diru baliabide gutxirekin dabiltzanek “geroz eta osasun egoera txarragoa” dutela.