argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza talde berria osatu dute
Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 11
Xabi Igoa, Onintza Enbeitia, Ainhoa Urien eta Sustrai Colina, ezkerretik eskuinera. /Argazkia: Bertsozale Elkartea Xabi Igoa, Onintza Enbeitia, Ainhoa Urien eta Sustrai Colina, ezkerretik eskuinera. /Argazkia: Bertsozale Elkartea

Igandean egin dute Ohiko Batzar Nagusia Aguraingo Udaletxeko pleno aretoan, bertsozale.eus-ek argitaratu duenez. Lehendakaritzaren aldaketaren erabakia aho batez hartu dute bazkideek. Ainhoa Urien, Sustrai Colina eta Onintza Enbeita sartuko dira taldean, eta Xabi Igoak lehendakaritza taldean jarraituko du, aurrekoaren ere kide izan baita. Zortzi kidez osatutako lehendakaritza taldeak 2018an hartu zuen lekukoa.

Talde berria Bertsozale Elkarteak gaur arte duen zuzendaritzara batuko da, eta saileko arduradunekin, Lankuko zuzendariekin eta lurraldeetako elkarteetako lehendakariekin batera eramango dute gidaritza.

Ez da batzarrean aurkeztu duten berritasun bakarra. Adierazi dutenez, erabaki nagusietan partaideen erreleboa eta funtzionamendua berritzeko lanean ari dira. Gainera, hari nagusien irakurketa ere egin dute: “2023ko kontuak eta 2024ko egitasmoa landu ditu elkarteko sail eta herrialde bakoitzak".

2018an zehaztutako gogoeta estrategikoaren parte dira berrikuntza guztiak. “Egun prozesu horren erdian gaude, 12 urterako zehaztu baikenuen. Orduan zehaztutako helburuekin jarraitzeko asmoa dugu aurten ere”, adierazi du elkartearen koordinazioak.