argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa: dramatismoa gora, hitanoa behera
  • Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bilakaera aztertu du IXA ikerketa taldeak, 1986ko sariketatik abiatu eta 2013kora arte. Besteak beste, erabilitako neurriak, doinuak eta euskara alderatu dituzte. Datu bat: 2013an gaien % 77 dramatikoa izan da eta %23 umorezkoa.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2014ko urtarrilaren 22a
Arzallus, Lujanbio eta Gaztelumendi, 2013ko txapelketan. (Arg: elcorreo)

Aurtengo Txapelketa Nagusia hastearekin batera argiratu zuten 1986tik 2009ra arteko zortzi txapelketen analisia, Elhuyar aldizkarian.

Orain, 2013koaren datuak gehitu eta lana osatu dute. Horregatik, bi atal dauzka txostenak: batetik, iazkoak utzitako joeren analisia; eta bestetik, 1986tik aurreragoko lehiaketen konparaketa.

2013: gai tristeak nagusi eta hikako erregistroa galbidean

2013an gaien %77 izan da dramatikoa eta %23 komikoa. Egileek diotenez, “gaiaren komikotasun esplizitua” hartu dute kontuan kategoria batera edo bestera atxikitzeko.

Bestalde, hikako erregistroak beherako joera nabarmena izan du. Txapelketa osoan bertsoen %5 inguruan egin dute hitanoz. Finalean, %0,01ean baino ez; soilik Arzallusek eta Lujanbiok hautatu zuten zenbait bertsotan.

Nola aldatu diren gauzak 1986tik 2013ra

Esan bezala, hitanoaren erabilpena murriztu egin dute bertsolariek. Alderatuz gero argiago ikusten da: 90eko hamarkadan, bertsoen %10ean jarduten zuten hikako erregistroaren bidez. Azken hamar urtetan aldiz, %5ean –Irudian, hitanoaren erabilpena txapelketetan. Txapelketaz txapelketa ikusita–.

Gehien erabilitako errimei dagokienez, aurten ena, eba, iba, ela, abo eta aba izan dira. Kuriositate bezala, 2009an ere horiek izan ziren erabilienak.

Neurriei so, geroz eta luzeagoak nagusitzen ari dira. 1986an, kartzelako lanen herena inguru zortziko handian egiten zuten, beste herena hamarreko txikian eta gainontzekoa neurri berezietan. Egun, kasik ehuneko ehun neurri berezietan. –Irudian, kartzelako lanen neurrien azterketa. Urdinez, zortziko handiko lanak; laranjaz, hamarreko txikokoak; horiz, neurri bereziak–.

 

Bukatzeko euskararen nolakotasuna izan dute aztergai. Datuek diote batua orokortzen ari dela oholtzan. Orain, ia %91 egiten da batuan; 1986an, %84 –Irudian, batuaren erabilpenaren gorazko joera adierazten duen grafikoa. Behean, urteak; alboan, portzentajea–.

Bide beretik jo eta euskara batuan ez dauden hitzen estimazioa ere irudikatu dute grafiko honen bidez –Irudian, euskalkietako hitzen beherazko joera antzeman daiteke. Behean, urtean; albo batean, ehunekoak–.

Bukatzeko, erderakadak aztertu dituzte. Orain dela hamar urteko saioen aldean, egun erdarakada gehiago entzuten den arren, %1era baino ez dira iristen. IXA taldekoen aburuz, ez da zifra “esanguratsua” –Irudian, erderakaden kopuruaren estimazioa–.

Azterketaren inguruko xehetasun gehiago Bertsozale aldizkarian argitaratutako artikuluan aurki daitezke.