Villabonan (Gipuzkoa) izango da eztabaida, asteazkenean, 19:00etan Subijana Etxean.
“XXI mendeko Euskal Herriko basogintzaren erronkak. Intsignis pinuaren gaitza” izenburu duen mahainguruaren helburua egungo Euskal Herriko basogintza politiken inguruan hausnarketa bultzatzea da. Antolatzaileen hitzetan, “eztabaida zabaldu nahi dugu eta sektorean adituak direnekin basogintza berri baten oinarriak jarri nahi ditugu; erakunde, akademia, zurgintza eta ekologiatik datozen ikuspuntuak uztartuz”. Intsignis pinuaren gaitzak basoak jan dituen honetan beharrezkoa ikusten dute hausnarketari bide ematea.
Mahainguruko parte-hartzaileak hurrengoak izango dira: BaskEgur Euskadiko Egurraren Elkarteko Oskar Azkarate eta Josu Azpitarte; Itziar Barinaga-Rementeria EHUko Finantza Ekonomiako departamenduko irakaslea, landa eremuen garapenean, baliabide naturalen kudeaketan eta lehen sektorearen jasangarritasunean aditua; Roke Akizu baso Ingeniaria eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Habitat Naturaleko zuzendari ohia; eta Aitziber Sarobe biologoa, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta Naturkon Naturaren kontserbazio taldeko koordinatzailea. Moderatzaile lanetan Iñaki Ezkurra arituko da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuorde ohia.