argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko azken otso talde egonkorra akabatu izana salatu dute
  • Lau otso hil dituzte Karrantzan urtarrilaren 23 eta 24ko asteburuan Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako ehizaldi bitan. Aurreko asteetan inguruko abereek jasandako erasoen ostean hartu du Aldundiak neurria. Deia egunkariaren arabera, eraso horietan hogei ardi suertatu dira hilik eta beste hainbeste zaurituta, besteak beste.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko urtarrilaren 26a
Hildako otso baten artxiboko irudia (Arg.: Quadell-CC By SA).

Euskadiko Otso Taldeak gogor salatu ditu ehizaldiok, eta esan du “seguruenik Euskadin bizi zen otso talde bakarra ezereztu dutela”. Aldundiak, prentsa ohar labur baten bidez, esan du Karrantzan arau guztiak errespetatu direla, “ganaduaren babesaren eta ehizatzekoa ez den espezie baten kudeaketaren arteko oreka mantenduz”. Otso Taldeak, aldiz, hipokrisiatzat jo du Aldundiak oreka aipatzea: “Helburua Karrantzako otso guztiak desagerraraztea zen, ez da inolako kuporik ezarri ehizaldirako”.

Otsoa mehatxupeko espezie izendatzeko eskaria

Eusko Jaurlaritzaren jokabidea ere kritikatu du Otso Taldeak. Zehazki, gogoratu dute duela urtebete inguru otsoa mehatxatutako espezieen zerrendan sartzeko eskatu zutela 26 talde ekologistak; Jaurlaritzak oraindik erantzunik eman ez izanaz kexatu dira, erantzun hori 2015eko udarako iritsiko zela hitzeman arren.

Dagoeneko 47.000 sinadura inguru bildu dituzte otsoa EAEko Mehatxatutako Espezieen Katalogoan sartzearen alde. Urtarril amaierara arte iraungo du kanpainak; ondoren, izenpeak Iñigo Urkullu lehendakariari helarazten ahaleginduko dira.