Euskal Herriko auzolan esperientziez hirugarren topaketak antolatu dituzte Gernikako Astran. Ostiralean hasi eta igandera arte, lurren kolektibizazioaz, herri kooperatibaz eta trukeaz eztabaidatuko dute, besteak beste.
Ingo al deu leloarekin bataiatu ditu aurtengo jardunaldiak Auzolan ekimenak. 2011an egin zuen lehenengo edizioa eta urterik urte egindakoaren jarraipena dira aurtengoak.
Aurten aurkeztuko dute auzolan gidaren zirriborroa, aurreko urteetan landutako ideien harira osatutako liburua. Bertan, burujabetzari buruzko teoria eta adibide praktikoak bildu dituzte.
Info7 irratiak Jasone Mitxeltorena Auzolan ekimeneko partaidea elkarrizketatu du topaketen harira. Azaldu duenez, auzolan gida aurkezteaz gain, hainbat gai jorratuko dituzte Astran; beti ere, ideia nagusi baten bueltan: “Herritarren burujabetza”.
Ostiralean, hazien trukaketan ariko dira eta, gau partean, lurren kolektibizazioari buruzko Asturiasko esperientzia ezagutuko dute, hitzaldi baten bidez.
Larunbatean, auzolaren gidaren zirriborroa aurkeztuko dute, topaketetako partaideekin batera edukia aztertzearekin batera.Behin behineko bertsio hobetzea da asmoa.
Igandean, ezkur bilketa kolektiboa egiteko txangoa egingo dute, basa elikadura lantzeko asmoz.
Horrez gain, antzerkia, musika eta dantzarako aurkera ere eskainiko diete bertaratutakoei. Gainera, partehartzaileen proposamenei ere arreta jarriko diete, eta momentuan proposatutako gaiak lantzeko aukera emango dute.
Egitarau osoa ikusgai hemen.
Auzolana, zertarako?
“Egoera larrian gaude gure beharrak asetzea beste batzuen esku utzi dugulako”, kritikatu du Mitxeltorenak; egoera horri erantzuteko tresna auzolana dela uste du. Auzolana “herritar talde bat bere beharrak asetzeko elkartzea” da, haren iritziz. “Menpekotasunetik askatzeko tresna” ere bada.
“Menpekotasuna dugu soldatapeko lanarekiko, administrazioekiko...”, dio. Egoera hori aldatzeko gakoak izango dira jardunaldietako mintzagaiak.