argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko 650 mendi tontorretan espetxe politika aldatzeko eskatuko du Sarek maiatzaren 8an
  • Mendi igoera "bateratua" antolatu du euskal preso, iheslari eta deportatuen Sare herritarrak abian jarritako Izan Bidea dinamikak egun horretarako. Euskal Herriko 650 tontorretara igoko dira, "salbuespeneko espetxe politikaren aldaketaren alde".

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 15a

Sarek jakinarazi duenez 400 herri eta auzotan antolatu dira jadanik mendi igoerak "familian eta lagun artean". Hala, beren kalkuluen arabera, Euskal Herriko lurralde guztietako 650 tontorretan ekintza bateratua egingo da maiatzaren 8an: 125 inguru Araban, 130 Bizkaian, 120 Gipuzkoan, 220  Nafarroan eta 60 inguru Ipar Euskal Herrian.

Egitasmoa Izan Bidea dinamikaren baitan jarri zuten martxan iaz, "preso eta iheslarien etxeratze prozesua abian jarri eta elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiteko". Hasiera batean mendi igoera erraldoia urriaren 3an egitekoa ziren, baina eguraldi txarra medio atzeratzea erabaki zuten, maiatzaren 8ra.

Eguna hurbiltzen ari dela-eta, egitasmoaren helburuak gogorarazi dituzte: "Bertan ozen aldarrikatuko dugu nahi duguna –dio Sarek hedabideetara zabaldutako oharrean–: bakea eraiki, gatazkaren jatorria eta ondorioak konpondu. Gatazkaren ondorioak konpontzea, minak konpontzean datza, beraien ezagupena onartuz, datozen tokitik etorririk ere. Baina gatazkaren ondorioak konpontzea, kartzelaz haratago beste perspektiba bat eskainiko duen tresna juridikoak aktibatzea da, existitzen direnak erabiliz edo egokitu behar direnak egokituz. Bakearen bidea presoen gaia konpontzetik pasa beharko da".

Mendi igoeretan izena emaiteko, tontor bakoitza geolokalizatuta duen webgunea jarri dute martxan. Eta sare sozialetan #650tontor traolaren bidez zabalduko dituzte irudiak.