argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko 60 jolasgune eta urgune, Jolasparkeak.eus atarian
  • Duela lau urte abiaturiko Jolasparkeak.eus ataria berritu eta aukerak gehitu dituzte. Urteotan 60 jolasgune, jolas-parke eta urgune proposatu ditu jendeak eta webgunea elikatzen eta eztabaida sustatzen jarraitzea da asmoa, “jolas libre eta espontaneoa maite dugulako”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko ekainaren 08a

Mugikorretatik kontsulta egiteko egokitu dute ataria, nork bere espazioak proposatzeko esteka ere badu webguneak, eta bloga atala sortu dute, “jolasaren eta espazioaren arteko harremanaz hausnartzeko txokoa”.

Jolasguneak, jolas-parkeak, urguneak eta hezeguneak

Euskal Herrian jolaserako aproposak izan daitezkeen guneak (jolasguneak) jasotzen ditu batetik atariak. Bestetik, jolaserako espresuki sortutako parkeak ere biltzen ditu, “jolaserako eraiki diren jolas-parkeen artean ere badira ohiko patroi errepikakorretatik at material naturalez egindakoak direnak, moldaerrazak direnak, prozesu parte-hartzaileen bidez egin direnak edo haurraren motrizitatea, sormena eta abenturarako sena sustatzen duten elementu originalez osatutakoak direnak; horiek bildu ditugu atal honetan”. Urguneak edo ura elementu nabarmen gisa duten jolaserako eremuak ere proposatzen dira; eta atal berri bat sortu dute: hezeguneak, hezkuntza komunitate ugarik martxan jarri dituzten urmaelak oinarri.

“Jolas libre eta espontaneoa maite dugu, naturan jolastean gozatzen dugu eta honegatik hau sustatzen duten eremuak balioan jarri nahi ditugu”, diote Jolasparkeak.eus atariaren bultzatzaile Arrasateko Txatxilipurdi aisialdi elkarteak, Olgeta baliabide zerbitzuak eta Goiena Komunikazio Taldeak.