71 hedabidetako ia 400 kazetari, argazkilari eta kazetaritza irakaslek sinatu dute Mozal Legearen gainetik, kazetaritza ez da delitua manifestua. "Topatu.info hedabidearen aurkako bidegabekeria eta ildo errepresiboan sakontzera datorren legea salatu nahi ditugu", dio agiriak.
Izan ere, Topatu.info webguneko Iraitz Salegi kazetaria da "Mozal Legeari darion ikuspegi murriztailea eta zigortzailearen lehen kaltetua" Euskal Herrian, Euskal Herriko kazetari eta argazkilari horiek salatu dutenez.
2013ko martxoan Ernai antolakundeak Urduñan antolatu zuen Gazte Danbadaren ekitaldi publikoa eta irekiaren berri emateagatik inputatu dute Salegi, terrorismoa goratu izanaz akusatuta. Euskal Herriko eta Espainiako komunikabide askok eman zuten ekitaldiaren berri, baina Topatu.info izan da zigortzeko bidean jarri duten hedabide bakarra. "Ez dugu ulertzen kazetari bat zigortu nahi izatea zergatik eta bere lana egiteagatik", diote sinatzaileek. "Beste hainbat gauzaren artean, gure inguruko ekimen, ekitaldi, istilu, gertakari edo manifestazioen berri ematea kazetarion egitekoa da, eta gure lan publikoa egitea ezin da inolaz ere delitu bilakatu. Mezularia zigortu nahi dute".
"Aurrera begira kazetarion lana baldintzatzeko saiakera izan daitekeela uste dugu. Ez gaude prest legearen izenean informazio askatasuna nola desfiguratzen duten kontatzeko. Ez dugu albiste hori eman nahi. Topatu.info-ren aurkako epaiketak gure lanbidea arazo bilakatu nahi du eta guk, kazetariok, gizartearen arazoei irtenbidea bilatzen laguntzeko tresna izan nahi dugu. Kazetaritza demokraziaren bermeetako bat izanik, askea izango da edo ez da kazetaritzarik, ez demokraziarik izango".
Atxikimendua emateko aukera zabalik dago.
Mozal Legearen aurkako astea
Iraitz Salegiren kasua eta Mozal Legearen gaiak sozializatzeko hilaren 9tik 15era bitarteko astea baliatu nahi dute ekimenaren bultzatzaileek. Gaiaren inguruko lan periodistikoak sortzeko deia zabaldu dute, baita sare sozialetan lan horiek biltzeko #KazetaritzaEzDaDelitua traola erabiltzeko ere. Kazetaritzaezdadelitua.info gunean lan horiek guztiak jasoko dituzte.
ARGIAko kazetariak ere ekimenarekin bat