argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriaren independentziaz
herri galdeketa Etxarri Aranatzen
  • Apirilaren 13rako herri galdeketa deitu du Etxarri Aranatzeko plataforma batek bizilagunei Euskal Herriaren independentziaz galdetzeko. Galdera zehatza urtarrilaren 4ko batzar irekian adostuko da.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko abenduaren 30a
Etxarri Aranatzeko liburutegian aurkeztu zuten herri galdeketako ekimena larunbatean. (Argazkia: Guaixe.net)

Etxarri 2012 plataformako kideek egitasmoaren berri eman zuten larunbatean egindako agerraldian. Haien asmoa “herritarren iritzia modu naturalean jasotzea” dela jakinarazi dute.

Euskal Herriaren independentziaz itaunduko zaie etxarriarrei 2014ko apirilaren 13an. Galdera zehatza adosteko dago eta horretarako herri batzarra antolatu dute heldu den astean, urtarrilaren 4an goizeko 11etan Kultur Etxean.

Galdeketa baino lehen hainbat batzar eginen direla ohartarazi dute, guztien artean erabakiak hartu eta herritarrei behar duten informazio guztia helarazteko.

Ekimen horren bidez, norbanako guztiek askatasun osoz beren iritzia eman dezaten nahi dute, erabakitzeko eskubidea ariketa praktiko gisa erabiliz. Hori dela eta, deitzaileek ez dutela inolako posizionamenduren aldeko jarrera azalduko ohartarazi zuten.

Adur Goikoetxea egitasmoaren bultzatzaileetako batek prentsaurrekoan esan duenez, "herri honen etorkizuna herritarron esku dago. Gure herria iritzi ezberdinak dituen herritarrez osatua dago eta hortaz, iritzi guzti horien errespetuan oinarritua beharko luke gure herriaren etorkizunak.".

Plataformako kideek, prozesu parte hartzaile batean murgiltzeko herritarren inplikazioa eskatu dute.