Euskal Herriaren aurrean

  • Ni, okupatzaileen eta kapitalaren eskuko kartzela bihurtu duten Euskal Herri honetan preso nagoen hau, Herriaren aurrean agertzen naiz eta zuzenbidean hobekien dagokion bezala, zera diot.


2016ko apirilaren 20an - 12:44

Idazki honen bitartez militatzen dudan herri mugimenduaren defentsa egitera eta azken asteetan berari buruz esandakoen aurrean erantzutera natorrela, baita dagokigun aferan argipen berriak egitera ere, honen guztiaren oinarria honako ALEGAZIOAK izanik:

1.- ETA erakunde zibilak berriz ere erakutsi du bere idazkietan askoz indar handiagoa jartzen duela errepresaliatu politikoen askatasunaren alde lanean diharduen gurea bezalako herri mugimendu xumeari aurre egiten, presoak kartzelan egotearen arduradun politikoei aurre egiten baino, ETA erakunde sozialista iraultzailearen jarrera historikotik zein urrun dagoen agerian utziz.

Berriro atera du Parisko epaiketako seien gaia gure mugimenduari eraso egiteko. Epaiketa horretatik etengabe atera beharko litzatekeen gai bakarra militante horiek jaso dituzten bizi osorako zigorren salaketa beharko litzateke, baina honi buruz ez diegu txintik ere irakurri.

Bularrean dominarik ez dutela behar esan dute. Gure mugimenduak ez du dominarik banatzen, historiaren manipulazioari aurre egiten dio etorkizuna irabazteko lanabes moduan. Izan zirelako gara eta garelako izango dira.

Bere oniritzia ez daukagula esan du. Gure mugimendua independentea eta militante helduez osatutakoa da. Gaitasun kritiko nahikoa daukagu inoren oniritziaren zain egon behar ez izateko. Historia liburuetan agertuko da ETAk, bere ibilbidearen amaieran, herritik jaiotako amnistiaren aldeko mugimendu bati eman zion tratua.

2.- Sortuko bozeramaile batek esan du gure planteamenduak 80ko hamarkadara bueltatzen gaituela. Bada, horrelako argudio hustuak historikoki entzun ditugu Euskal Herriaren etsaien ahotan Ezker Abertzaleari eraso egiteko. Jarrera politikoak defendatzeko argudioen faltan bestea barregarri uzteko saiakerak agertzen dira. Zerbait garaiz kanpo baldin badago gure herria zapalduta mantentzen duen kapitalismo inperialista eta bere legedi osoa dira. Ez gara gu zapaltzaileen legalitatea onartzeko planteamenduak defendatzen ari garenok eta jarrera politiko horiek ez dira 80koak, 70ekoak baizik. Beste batzuek bide hori egin zuten lehenago eta badakigu non bukatu zuten.

Bitartean, komunikabideetan denek guri buruz hitz egiten dute, baina gurekin kontatu gabe. Esanguratsua da etengabe Sorturi eraso egiten diotenak, presoen gaian eta gure planteamenduekin alderatuta beti jartzen direla Sorturen alde, eta hori ere argigarria da konturatzeko estatuentzat ze planteamendua den erosoena.

3.- Gure mugimenduaren planteamenduei aurre egin beharrean, batzuek esaldi eta hitz errepikakorrak erabiltzen dituzte zergatik euren alternatiba gurea baino hobea den inoiz azaldu gabe: “zatikatzaileak”, “helburu ezkutuak”, “Gora EPPK”… Askoz errazagoa da ikonoak erabiltzea eta jendearen sentimentaltasun akritikoari dei egitea egoeraren analisi objektiboak eta borroka ideologikoa egitea baino. Horixe izan da kapitalismoaren eta sozialdemokraziaren ezaugarri nagusietakoa, lelo errazak asmatzea eta bere nagusitasun mediatikoa erabiltzea beraien pentsamoldea ezartzeko, baita hitz iraultzaileak hartzea ere edukiz husteko. Amnistia hitza hartzea zapaltzen gaituen legedia onartu behar dela defendatzeko aipatutakoaren adibidea da. Legalitatea onartuta zigorrak beteta kartzelatik ateratzea barruan urte pilo egin eta gero beste edozein gauza izango da, baina ez amnistia.

4.- Ohikoa bihurtu da esatea guk ez daukagula estrategiarik eta ez dugula momentu honetarako inolako irtenbiderik eskaintzen. Behin eta berriz esan dugu guretzat lehentasuna zela amnistiaren gaia berriro kalera ateratzea lehenengo urrats moduan, eta lortu dugula ezin da zalantzan jarri. Bigarren urrats moduan planteatu dugu helburu honen inguruan Euskal Herri Langilearekin indar metaketa egiten saiatzea ezinbestekoa dela herri presioaren bitartez estatuak mugiarazteko, baina hau ez da epe laburreko kontu bat, eta egin behar da ustez zure burkideak zirenak boikota egiten dizutenean ere. Indar metaketari buruz ari garenean, garrantzitsua da esatea horretarako jendea konbentzitu behar dela, eta ez gu izatea beste batzuen diskurtsoetara mugitzen garenok, betiere jakinda gure helburuak begi bistatik galdu gabe planteamendu ezberdinak dituztenekin puntu amankomunak aurkitzea positiboa dela. Zentzu honetan azpimarragarria da indar metaketaz gehien hitz egiten dutenak edozeinekin biltzeko prest daudela gurekin izan ezik, jakinda hainbat gaitan eta bakoitzak bere irakurketa propioa egiten adostasun minimoetara heltzea posiblea litzatekeela.

Orain gutxi, Berriak egindako elkarrizketa batean, Juan Mari Olanok azaldu zuen presoak ateratzeko modua herri presioa egitea dela estatuak mugiarazteko. Beste ezer berezirik ezin izan du proposatu, zoritxarrez, kartzeletako giltzak ez daudelako gure esku. Azaroan Hasier Arraizi Deian egindako elkarrizketan, biolentziaren inguruko diskurtsoan kontraesan handietan sartzeaz gain, presoen aferari buruz galdetu ziotenean, gauza bera erantzun zuen, “presioa egin Madrilek espetxe politika alda dezan”. Eta hor bukatu zen dena.

Horretaz gain, ez dator txarto noizean behin gogora ekartzea ETAk berak eta Sortuk onartu dutela azken urteetan martxan jarri duten estrategiak ez dituela aurreikusten zituzten emaitzak eman eta ez gaudela espero zuten lekuan. Harrigarria horrelakoak entzutea euren ibilbide orria nazioarteko inperialismoaren ordezkariek emandako aholkuei jarraituz diseinatu zutela kontutan hartzen badugu. Ahaztu gabe zentzu minimoa daukan edonorentzat kontraesan gaindiezina dela Zutik EH dokumentuan estrategia berriaren erdigunean desobedientzia zibila kokatzea eta orain kontrako noranzkoan doan legediaren onarpena defendatzea. Estrategien inguruan lezio gutxiago.

5.- EPPK, agiri bat argitaratzen duenean, irakurketa politikoa egiten ari da modu publikoan, eta zilegi ez ezik, ikuspuntu iraultzaile batetik ezinbestekoa da kritika egiteko aukera irekita izatea, soilik erabaki bakoitzak dituen alde onak eta txarrak balantzan jarrita jakin baitezakegu hartzen ditugun jarreretan onurak ala kalteak gailentzen diren. Preso politikoak preso baino lehenago militanteak dira eta horrela tratatuak izatea merezi dute. Preso egoteagatik esaten duten guztiari men egin behar zaiola defendatzen dutenak, militante hauei, beste behin ere, euren izaera politikoa kentzen ari zaizkie. Horrelako jarrerak baliogarriak izan daitezke barne mailan iritzi uniformizatuak ezartzeko, baina etsaiari politikoki aurre egiteko orduan errepresaliatuak ikusle huts bihurtu eta eragile moduan baliogabetzen ditu.

Azken asteetan entzun behar izan dugu presoei zigorrak luzatu nahi dizkiegula irtenbide indibidualen aurka jotzen dugunean, edo zigor bikoitza ezarri nahi diegula. Hemerotekei errepasoa ematen badiegu horrelako akusazio nahikotxo aurkituko ditugu orain ez hain urrunekoak, euskal militanteak atxilotzen zituztenen ahotik EPPKri eta ETAri horixe bera leporatuz. Horrelako argudioek eztabaida politikoaren maila lurraren parean uzten dute.

6.- Urrats bakoitzean alde onak eta txarrak mahai gainean jarri behar badira emaitza bere osotasunean ikusi ahal izateko, epaiketetan fiskalarekin egindako akordioetan gauza bera egin behar dugu, eta ez ezartzen diguten epaitegi faxistaren erabakiaren araberako balorazioak egin. “Kartzelaratzen bagaituzte politikoki gaizki egin dugu eta ez bagaituzte kartzelaratzen, onenak gara”. Horrelako planteamendu sinpleek soilik izan dezakete logika baldin eta gerra bat galdu eta gero berriz borrokari ekiteak ez duela merezi baloratzen badugu. Orain arte, Langraitz Bidekoak izan ezik, Ezker Abertzaleko inork ez dugu onartu hori gertatu denik. Bakoitzak bide ezberdinak jorratu nahi ditu baina bi premisa horiek batera ez ditu inork onartu.

Analizatu dezagun beraz zein den egoera. Kartzelan ia 400 preso politiko ditugu, ihesean eta deportatuta daudenak ezin konta, eta oraindik epaiketa pilo gelditzen dira. Errepresio hau pairatzen duten pertsona guztiek momentu jakin batean erabaki zuten euren ongizate pertsonalari baino garrantzi handiagoa emango ziotela borrokari, horrek dakartzan arriskuekin. Inork ez dezala gaizki ulertu esan nahi dudana, ondo baitakit militanteok ez garela sentimendurik gabeko robotak, beldurra, mina, tristura eta beste hainbat sentsazio sufritzen ditugun pertsonak baizik. Baina orduan zintzoak izan gaitezen gure buruekin eta ez dezagun tranpa egin. Dituen koste altuak direla-eta borroka egitea merezi ez duela ondorioztatzen badugu, orduan bai, logikoa izango da errepresioa desaktibatzeko eta bakoitza ahalik eta lasterren bere etxean egon ahal izateko beharrezkoa den guztia egitea eta borroka bigarren plano batean uztea, ondorio politikoak direnak direla, baina hori gerra galdu duen eta borrokara inoiz itzuli nahi ez duenaren ikuspuntutik baino ezin daiteke egin.

Herriak, ordea, bere helburuei muzin egiten ez diela argi dago eta horretan guztiok ados bagaude, ados egongo gara ere borroka bera zein egoeratan gelditzen den baloratu beharko dugula ematen dugun urrats bakoitzean, eta badaezpada norbaitek oraindik zalantzak baditu, ez naiz borroka armatuari buruz ari, gure mugimendua ez baita horretarako jaio, baina edozein borroka moldek inoiz pasatu ezin ditzakeen zenbait marra gorri ondo markatuta izan behar ditu efektiboa izatea nahi badugu.

7.- Segurako 35en epaiketako paktuan auzipetuek ontzat eman zuten Garzonen doktrina eta onartu egin zuten Batasuna ETA zela. Etorkizunean hori onartu izanak herriaren pentsamoldean eta belaunaldi berriengan izango duen eragina oso latza izango da, eta are gehiago jarrera hori mugimendu politiko iraultzaile deritzan zuzendaritzatik datorrela kontutan izanda. Askapen borrokari eragiten dion kaltea ahaztuta kartzela saihestea lehenengo helburu bezala jartzen duen militantea ez da iraultzailea.

Aurreko astean 5 nafar akordio berdinera heldu dira Audientzia Nazionalean eta laster atera dira zutik zaleak garaipen politiko gisa saltzera eta eredu horren baliagarritasuna defendatzera, eta larriagoa, kartzela saihesteko bide bakartzat aurkeztera.

Ez diot paktu guztiak berez txarrak direnik, baina bakoitzaren ondorio politikoei ere begiratu behar diegu. Eta esatera noana ez da inolaz ere nafar hauen kontrako eraso pertsonala, iritzi politikoa baizik. Torturaren kontra burutu duten “aztnugal” kanpaina bikaina eta balio politiko handikoa izan da, oihartzun handikoa. Gainera, Estrasburgok Espainiako estatua kondenatu zuen atxilotuetako batek jarritako tortura salaketa ez ikertzeagatik. Arazoa dator paktua onartzean akusazioak modu “librean” onartzen dituzunean eta, ondorioz, torturapean egindako deklarazio guztiak juridikoki balioztatzen dituzunean, horrek dituen ondorio politiko eta juridikoekin, eta hau gertatu da torturaren kontrako erreferente argi batean, eta ez da bakarra, antzekoa gertatu baitzen Unai Romanorena eta beste kasu batzuetan ere. Ez dut pertsona hauen duintasun pertsonala zalantzan jartzen, argi gera dadila, ikuspegi politiko batetik ari naiz eta bakoitzari pertsonal mailan prozesatuta egoteak modu ezberdinean eragiten diola onartuta eta ulertuta.

8.- Lehen aipatu badut batzuek kartzela saihesteko bide bakartzat paktuak saltzen dizkigutela, gogora ekarri nahi dut aste berean Jorge Olaiz libre gelditu dela pakturik egin gabe, oraindik epaiaren zain dagoen arren, edota Askapenakoak euren erakundearen defentsa eta militantzia internazionalistaren goraipamena eginda absolbituta gelditu zirela.

Norbaitek esango du epaitua izan gabe erreza dela besteen jarrera politikoak kritikatzea, baina norberaren txanda helduta ikusiko dugula hain koherenteak garen, eta egia da. Horregatik eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko aurpegi ezagun bat naizen heinean, idatziz konprometitzen naiz gure mugimenduaren aurka inoiz tamaina handiko erasoa gertatuko balitz, antolakundearen eta askapen borrokaren duintasuna nire ongizate pertsonalaren aurretik jartzeko jarrera hartuko dudala.

9.- “Art. 72.6 LOGP: …progresión al tercer grado (…) personas condenadas por delitos de terrorismo (…) satisfacción de la responsabilidad civil (…) muestren signos inequívocos de haber abandonado los fines y los medios terroristas, y además hayan colaborado activamente con las autoridades (…) declaración expresa de repudio de sus actividades delictivas y de abandono de la violencia y una petición expresa de perdón a las víctimas de su delito (…) que el preso está realmente desvinculado de la organización terrorista y del entorno y actividades de asociaciones y colectivos ilegales que la rodean…”

Honetaz gain, graduz pasatzeko egin beharreko guztiek preso politikoen duintasunean eta euren arteko kohesioan izango dituzten ondorio larriak alde batera utzita, norbaitek azaldu ahal digu behingoz zelan beteko duten legea, kontutan izanda salaketa eta damua direla inoiz igaroko ez duten marra gorria? Norbait gezurretan ari da eta hori ez da Amnistiaren Aldeko Mugimendua.

Bide hau proposatzen ari direnak badakite amaieran goian agertzen den paragrafoarekin topo egingo dutela eta ate horretatik oso preso gutxi dagoela sartzeko prest. Amnistia gauzaezina dela uste badute, ez litzateke gutxienez indultua eskatu behar? Hori delako Kolonbian amnistia partzialaz baliatu ezin daitezkeen presoentzat eskatzen ari direna. Gainera, indultuak aurrera eramateko ez da sikiera beharrezkoa presoek edo abokatuek eskaera legalik egitea. Baina arazoa ez da hori, arazoa da presoen jarrera jakin batzuk beharrezkoak direla Sorturen estrategia, desobedientziatik urrun sisteman txertatzean datzana, aurrera eraman ahal izateko, izan ere oso zaila baita herriari azaltzea instituzioetan egoteko legedia, alderdien legea barne, onartzen duzula presoek kartzelan erresistentzia jarrera mantentzen duten bitartean. Lehendabiziko helburua, beraz, ez da presoak kaleratzea, ildo politiko jakin bat elikatzea baizik.

Beste alde batetik onartezina da hau guztia justifikatzeko Sortu esaten ari den moduan legalitatea beti onartu dela esatea, manipulazio hutsa izateaz gain irain galanta delako kartzeletako bizi baldintzak hobetzeko hainbeste borroka egin eta hainbeste sufrikario pasatu behar izan dituzten militanteentzat. Legediak berak ezberdintzen du Sortuk fede txarrez ezberdintzen ez duena, kartzeletako legedia bi bloketan banatuta dagoela: eskubideen blokea eta betebeharrena. Eskubideen blokea txapeo, gose eta egarri greba, zainen mozketa, komunikazio greba eta abar luze baten ondorioz pixkanaka irabazitako kartzela barruko askatasun esparru txikiak izan dira, preso politikoei izerdia eta odola kostatu zaizkien eta inork oparitu ez dizkien esparruak. Esan beharrik ez dago LOGPren 72. artikuluaren seigarren puntua ez dagoela eskubideen blokean, Kolektiboak inoiz onartu ez duen betebeharren blokean baizik. Preso politikoek duintasun minimo batez bizi ahal izateko lortutako garaipenak duintasun hori bera kentzeko etsaiak asmatutako neurriekin konparatzea ez dauka izenik.

10.- Legediaren onarpena egitean zenbait termino erabiltzearen ondorioez hitz egiten dugunean, lengoaiak herriaren pentsamoldean jokatzen duen paperaz ari gara. Etsaiaren terminologia onartzen hasten zarenean bere tesietara hurbiltzeko bidea egiten hasten zara, eta azken asteetan horren adibideak ere izan ditugu. Hau ikusteke dugunaren hasiera baino ez da.

Martxoaren 17ko ikasle grebaren baitako protestetan gertatutako liskarren aurrean, Ikasle Abertzaleak honako adierazpenak egin zituen: “Polizia Nazionalak eta Polizia Foralak (…) ez dituzte beharrezkoak ziren neurriak hartu horrelako gertaerak saihesteko ikasle grebek izaten duten izaera gatazkatsua kontuan harturik”, “Iruñeko Udaletxearen kontrako gertaerak lekuz kanpo daude”, “Eliteen partetik paktu soziala apurtzen ari da” eta antzekoak entzun ahal izan genituen.

Apirilaren 9an Zornotzan Kutxabank eta Movistarren aurka buruturiko erasoen aurrean, udalerriko EH Bilduko taldeak zera adierazi zuen: “El Grupo Municipal EHBILDU de Amorebieta-Etxano muestra su rechazo a los desperfectos sobre las propiedades privadas (sic) pertenecientes a Kutxabank y a Movistar ocurridos este pasado sábado.

La convivencia ha de partir de la tolerancia y del respeto a las ideas, dos pilares fundamentales que se ven quebrantados con este tipo de actos, y que deberían ser salvaguardados por una sociedad que aspira a vivir en paz”.

Apirilaren 15ean Arnaldo Otegik terrorismo hitza erabili zuen ETAren jarduerari erreferentzia egiteko komunikabideei eskainitako prentsaurrekoan. Zer esanik ez La Sextako Salvados telesaioan egindako stripteaseari buruz. Beste gauza askoren artean, elkarrizketaren une batean, Xabier Lopez Peña zenarengandik baino Egigurenengandik hurbilago kokatzera heldu zen.

Hiru pasarte hauei izen propiorik jarriko ez bagenie PNV edota PSOEren ordezkarien batek eginak emango lukete.

11.- Azken alegaziora iritzita, azpimarratu nahiko nuke amnistiarena ez dela errepresaliatuei bakarrik eragiten dien kontzeptua, gehienbat hauei eragiten diela jakina den arren. Amnistiaren aldeko borrokak herri oso bati eragiten dio eta oso bereziki gazteriari. Amnistiaren aldarrikapena Euskal Herrian zer gertatu den eta gatazkaren erroak non dauden identifikatzeko lanabes ezin hobea izateaz gain, gure herriari askatasunaren bidea irekiko dion borrokak behar duen oxigenoa da. Horregatik, hasieratik gure leloa bihurtu dugu Amnistia eta Askatasuna!, badakigulako lehenengoaren eskutik etorriko dela bigarrena.

Aipatutako guztiagatik,

Herriari ESKATZEN diot emandako azalpen guztiak kontutan har ditzan eta amnistiaren bidetik independentzia eta sozialismoaren alde borrokan jarrai dezala.

Justiziazko eskaera izateagatik,

Barakaldon, 2016ko apirilaren 19an.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbidera

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Apirilak 6, justizia euskararentzat

Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


2025-03-27 | Kontxita Beitia
Atzo bezain ozen! NATO pikutara soldaduskarik ez

Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]


Analisia
Agur buzoiei

Danimarkatik iritsi zaigu berria: 400 urtez estatuak eskainitako zerbitzua etengo du PostNord enpresa publikoak, eta eskutitzak banatzeari utziko dio 2025 urtea amaitzean. Gobernuak adierazi du enpresa publikoak negozioa paketeak banatzera bideratuko duela. Bi arrazoi eman ditu... [+]


2025-03-26 | Anuntxi Arana
Plater garbiak

“Hondakinik ez platerean!”. Hori zen kontsigna gure txikitako otorduetan. Janariak zeozer sakratu bazukeen, batez ere ogiak; lurrera erori eta, jasotakoan, musua eman behar zitzaion. Harik eta adin zozoan mamia baztertzeko moda etorri zen arte, lodiarazten zuelakoan... [+]


2025-03-26 | Edu Zelaieta Anta
Bakardade tonifikatua

Zenbait estatistikak berretsi dute begiak hondar urteotan ikusten ari zirena: gimnasioak (eta estetika-zentroak eta nolako-edo-halako-terapia eskaintzen duten negozioak) nabarmen ugaldu dira gurean. EITBk plazaratutako datu bat emateko: EAEn 2010-2019 urteen bitartean, zazpi... [+]


Burujabetza eta herri boterearen aldeko topaketak Tafallan

Topatu eta topa! Tipi-tapa, elkarrekin ekin eta, bidea, eginean egin aurrera. Mahaiak, aulkiak, koadernoak eta boligrafoak, platerak, konfidentziak, tragoak eta ahotsak, eskuak, ideiak eta barreak, borrokarako besarkada gozoak. Txistulariak bileran, erraldoiak lasterka eta... [+]


2025-03-26 | Tere Maldonado
Hezkuntza Saila: ezgai ala ez duin?

Hezkuntzari buruzko legediak, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen eta planetako jaun eta jabeen aginduei jarraituz, ikasleek ikasketa etapa bakoitzaren amaieran “irteera-profil” jakin bat izatea bilatzen du. Ez pentsa profila zerbait itxia eta bukatua... [+]


Botere biguna desarmatzen

Martxoaren 14an Donald Trumpek agindu exekutibo bat sinatu zuen, hainbat berri agentziak jasotzen duten diru kopurua asko murrizteko. Kaltetuetako bat United States Agency for Global Media (USAGM) izan zen eta, ondorioz, Voice of America (VOA), Radio Free Europe/Radio Liberty... [+]


Teknologia
%2ko zapalkuntza

Orain dela 20 bat urte, berrikuntzaren inguruan master bat egin nuen. Bertaraturiko gonbidatu batek esan zigun gizakion historian berrikuntza teknologikoaren eragile handiena gerra izan zela. Gerra, halaber, eragile handia da botere harremanen berrikuntzan.

Berrikuntzaz ari... [+]


2025-03-26 | June Fernández
Meloi saltzailea
Otsoak

Zer esango zenioke Palestinako aktibista bati aurrez aurre izango bazenu? Ni mutu geratu nintzen Iman Hammouri nire herrian bertan aurkeztu zidatenean. Eskerrak andre nagusi bat gerturatu zitzaigula eta solaskide roletik itzultzailearenera pasa nintzela.

Palestinako Popular... [+]


2025-03-24 | Garazi Muguruza
Desioa

Punto Bobo liburuaren irakurketan murgilduta, Itxaso Martin Zapirain egilearen Eromena, Azpimemoria eta Isiltasunak Idazten ikerketa lanean sentitu nuen egiazkotasun eta maila etikoarekin egin dut berriz ere topo. Eta hortaz, hara bueltatu. “Oihu izateko jaio zen isiltasun... [+]


Nazio askapena; arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako antidoto bakarra

Dirudienez, Euskal Herrian migrazioa arazo bilakatu da azken bi hamarkadetan. Atzerritarrez josi omen dira gure lurrak. Gure kultura arriskuan omen dago fenomeno “berri” horren ondorio. Lapurretak, bortxaketak, liskarrak… Bizikidetza arazo horiek guztiak... [+]


2025-03-24 | Emun kooperatiba
Gazteak eta euskara: oztopo errealak eta aukera berriak

Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeak duen erronka handienetakoa, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioarekin batera, erabilerarena da. Askotan, gazteen euskararen erabileran jarri ohi dugu fokua, baita euskararen erabilerak izan duen eta izan dezakeen bilakaeraren... [+]


Eguneraketa berriak daude