Josu Urrutikoetxea, David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko kideak Ram Manikkalingam eta Jonathan Powellekin harremanetan izan dira Oslon, Norvegiako gobernuaren baimenarekin, Efe agentziak argitaratu duenez. Nazioarteko Egiaztatze Batzordea (NEB) Euskal Herrian ere izan da urtarrilean eta hainbat alderdi eta eragile sozialekin egin dituzte bilkurak. Otsailean berriz etortzekoak direla adierazi dute.
ETA desarmerantz aldebakarreko pauso gehiago ematea aztertzen ari dela zabaldu dute berripaperek. Espainiako Gobernuak presoekin malguago joka dezan konpromisoak lortu nahi ditu Manikkalingam buru duen nazioarteko taldeak.
Euskal Herrira egingo duten hurrengo bileran Iñigo Urkullu lehendakariarekin egingo dute bilera ofiziala beti ere filtrazioek jakitera eman dutenez. Amsterdamgo Taldea gisa ezaguna den batzorde honek Euskal Herrira bisitak egin ohi ditu, izaera diskretuarekin gehienak, talde ezberdinak egoeraren jakitun egiteko.
Ezker abertzaleak arratsaldean gaiari buruz prentsak egin dituen filtrazioen inguruko kezka agertu du Naiz.info-k informatu duenez. Alderdi independentistako iturriek adierazi dute "halako informazioak filtratzen dituztenek nazioarteko egiaztatzaileek ezarritako soluzioen agenda desbirtuatu nahi dute". Gaineratzen dutenez, "desarmea eskatzen ari direnen jarrerak objektiboki oztopatzen du gaia era ordenatu batean ezin sakontzea".
EAEko PPko buru Antonio Basagoitik lehengo astean adierazi zuen bere alderdia ez dela nazioarteko egiaztatzaileekin bilduko, eta ETAk egin behar duen gauza bakarra armak entregatzea dela.
Manikkalingam da ETAren su-etena Egiaztatzeko Nazioarteko Batzordeko buru eta beste bost pertsonak osatzen dute: Ronnie Kasrils (Hegoafrika), Ray Kendall (Erresuma Batua), Chris Maccabe (Erresuma Batua), Satish Nambiar (India) eta Fleur Ravensbergen (Herbehereak). Brian Currin abokatuak sustatuta eratu zuten taldea, ETAk borroka armatua utzi baino hilabete lehenago.