Sustatzaile nagusi Euskaltzaleen Topagunea eta Eusko Jaurlaritza ditu. Xedea 2018ko udazkenean Euskal Herriko txoko guztietan herritarren hizkuntza ohiturak aldatzeko praktikak egitea da.
Euskaraldia izeneko egitasmoak Donostiako Egia auzoan du abiaburua. 2016ko otsailean “Egian euskaraz bizi nahi dugulako” ekimena egin zuten eta hizkuntza ohiturak aldatzeko hainbat egunez eta 24 orduz euskaraz egiten saiatu ziren egiatarrak. Orduz geroztik 20 herri eta eskualdetan egin dira antzeko ekimenak Euskal Herrian.
Euskaraldia ekimenak bi atal izango ditu. Batetik, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, Euskararen Egunera arte alegia, hamaika egunez, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea izango da helburua eta euskaraz dakiten eta euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izango du. Bigarren helburua 2019ari begira jarri dute. 2018an ardura herritarrena eta elkarteena izango da, eta 2019an berriz, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartuko dituzte.
Euskaraldia ekimenaren sustatzaileak ondokoak dira: AEK, Arabako Foru Aldundia, Artez Euskara Zerbitzua, Bai Euskarari Elkartea, Berria taldea, Bizkaiko Foru Aldundia, EHU, Elhuyar, Elkar Fundazioa, Emun, Eudel, Euskaltzaleen Topagunea, Euskararen Erakunde Publikoa, Eusko Ikaskuntza, Eusko Jaurlaritza-Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Herri Elkargoa, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Ikastolen Elkartea, Irrien Lagunak, Kontseilua, Nafarroako Gobernua-Euskarabidea, Soziolinguistika Klusterra, Tokikom, UEMA eta UEU.
Estibaliz Alkorta Hizkuntza Politikarako Euskara Sustatzeko zuzendariari Euskaraldia ekimenaz galdetu genion urriaren 1eko Argian.
2016ko otsailean Egia auzoan hasitako bidetik hona arteko esperientziak Egia eredua kanalean aurkituko dituzu.