“Izan, egin, eragin, Euskal Herrian euskaraz” lemapean ikasturte honetan gogoeta prozesua egingo duela iragarri du EHEk. Herritarren ahalduntzetik aldaketak eragin nahi dituzte.
“Noraezari aurre egin, egungo egoerara egokitu eta herritarron egitetik euskaldunok bizi dugun hizkuntza gatazka askatzea da gure asmoa. Aldaketarako gakoa herritarren ahalduntzean dagoelako”.
Euskaraz bizi bidean, “euskararen alde egotetik euskararen alde egitera” pasa beharra dagoela uste dute. Hizkuntza gatazka gainditzeko premia sumatzen dute, eta horretarako “euskaldun eta burujabe jokatzeko garaia” dela adierazi dute.
Abenduaren 3an #EgotetikEgitera
“Euskaldunok egunerokoan bizi ditugun gatazkak" agerian utzi nahi dituzte abenduaren 3an egingo duten ekimenarekin. Egun hori hautatu dute komunitate gisa jarduteko. #EgotetikEgitera traola erabiliz egun horretan maila indibidualean gertatzen diren gatazka linguistikoak kolektiboki kontatzea izango da.
“Aldaketak eragin nahi baditugu, praktika sumisoa gainditu eta praktika burujabearen aldeko hautua da indartu nahi duguna”. Ekimenarekin euskaltzaleez gain, euskaltzale erdaldunengan, “hauen jarrera erosoan” eta hizkuntza eskubideen bermean eragin nahi dute. “Egunerokoan euskaldunok bizi ditugun gatazkak agerian utzi nahi ditugu”.