argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Euskararen Legearen 34. urteurrenean, EHEk zonifikazioaren aurka eragiteko deia egin du
  • Euskal Herrian Euskarazek (EHE) salatu du 34 urte pasatu direla herrialdean zonifikazio linguistikoa ezarri zuen euskararen legea Nafarroako Parlamentuan onartu zenetik. Nafarren hizkuntz eskubideak urratzen dituen lege hori alda dadila eskatzeko ellkartu dira Nafarroako Parlamentuaren atarian. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko abenduaren 16a
Argazkia: EHE

EHE plataformako kideek elkarretaratzea egin dute abenduaren 15ean Nafarroako Parlamentuaren atarian. Herrialde osoan euskara hizkuntza ofiziala izan dadila eta zonifikazioa amaitzea eskatu dituzte.

Salatu dutenez, 34 urte pasa dira herrialdean zonifikazio linguistikoa ezarri zuen euskararen legea onartu zenetik. Nafarren hizkuntz eskubideak urratzen ditu lege horrek EHEren arabera, eta beraz legea alda dadila eskatzeko egin dute kontzentrazioa. Euskaltzaleen konpromisoa ere eskatu dute, kale mobilizazioen bidez indarra egiteko, zonifikazioarekin behingoz bukatzea helburu hartuta.

"Bost urte igaro dira jada UPNren gobernua atzean geratu zela. Bost urteotan, lehenengo Uxue Barkosen gobernua eta azken urtean Maria Chiviterena ezagutu ditugu. Batak zein besteak euskararen berreskurapen-prozesuan eta zonifikazioa gainditzeko bidean ez dute jauzi estruktural esanguratsurik egin. UPNren politikekiko aldaketa ekarri behar ziguten gobernuek ez digute ia aldaketarik ekarri euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen egoeran" azaldu du plataformak ohar baten bidez.

EHEren ustez Maria Chiviteren gobernuarekin "ia ezinezko dirudi nafarron hizkuntza-eskubideetan aurrerapauso nabarmenik gertatzea datozen hiru urteetan". 

Hala ere ez direla geldi geratuko adierazi dute eta euskararen ofizialtasunerako dinamika zabal eta indartsua egituratzeko ilusioa berreskutatzera gonbidatu dituzte Nafarroako euskaldunak. "Horretarako herriz herri, elkartez elkarte, eremuz eremu, zonifikazioa injustizia bidegabea dela berriz ere zabaltzeari ekin behar diogu euskaltzaleok".