argia.eus
INPRIMATU
EHEk AbadiƱoko institutuan gertatutako hizkuntza eskubideen urraketa salatu du
  • EHEk Abadiñoko Matiena auzoan dagoen institutuan egindako hizkuntz eskubide urraketa salatu du. Irakasleek hiru formazio saio gaztelaniaz jaso zituzten. Gertaerak euskarak hezkuntzan duen bigarren mailako papera agerian uzten duela argi du taldeak eta aldarrikatu du D ereduko ikas guneak, euskaraz ikasteko ez ezik, euskaraz bizitzea ere posible den guneak izan behar dutela, bai ikasleentzat eta bai langileentzat.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko azaroaren 11

Euskal Herrian Euskaraz taldeak hizkuntz eskubide urraketa eta irakasle bati egindako "erasoa" Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasle talde batekin eta hainbat herritarrekin batera salatu du.

Gertakariak duela urtebete pasa ziren, 2019ko urriaren 9, 16 eta 23an, Matienako institutuan. Irakasleentzako hiru formazio saio eman ziren gazteleraz. Lehen formazio egunaren hasieran, protesta sendoak izan ziren hainbat irakasleren aldetik, izan ere, D ereduan formazioak euskaraz egitea zegokiela argudiatu zuten arren, saioak aurrera egin zuen gazteleraz.

2019ko urriaren 16an bigarren saioa izan zen. Irakasleetako bat ez zen formazio saiora agertu gazteleraz izango zela jakinda. Egun honen ostean, irakasle kaltetuari jakinarazi zitzaion espediente arin bat irekiko zitzaiola eta ondorioa bi orduko soldata kentzea izango zela. Hau jakinda, irakasleak Hizkuntza Eskubideen Behatokian eman zuen gertakarien berri. Astebete beranduago, urriaren 23an, gaztelerazko hirugarren saioa izan zen eta zigortutako irakaslea ez zen formazio saiora agertu. Diziplina espedientea irekitzearen ondorioz lau orduri dagokion soldata kendu zaio irakasleari.

EHE-k salatu nahi du ukatu egin dela formazioak D ereduan euskaraz jasotzeko eskubidea: "D ereduko ikas guneek, euskaraz ikasteko ez ezik, euskaraz bizitzea ere posible den guneak izan behar dute, bai ikasleentzat eta bai langileentzat". Langileen eskubidea aldarrikatu dute: "Esparru guztietan irakasle eta profesionalon jarduera euskaraz edukitzeko eskubidea. Larria da XXI. mendean oraindik ere honela ibiltzea non eta Abadiñon bertan". Hezkuntza Sailari leporatu diote hizkuntza eskubideak errespetatzeko ardura bere gain hartu beharrean, bere erantzukizunari muzin egin eta egoera salatu duen irakaslea zigortzea. 

Hainbat eragile eta ikaslek atxikimendua adierazi diote irakasleari Euskal Herrian Euskaraz taldeak atera duen oharrean, esaterako, Durangaldeko Ikamak, AEK-k eta Ernaik.