Manifestazioa goizeko 11:30ean izango da, Justizia Jauregian. Mugimenduak euskaldunon eskubideen alde eta auziperatuekiko elkartasunean luzatu du deialdia. Auziperatuek iazko Euskararen Egunean Baionako Justizia Auzitegian "Justizia Euskararentzat" pintaketa egin zuten eta horregatik epaituak izango dira apirilaren 11an.
Eragile euskaltzaleak bere sareetan argitaratu duenez, apirilaren 6rako Baionan manifestazio nazionalerako deia zabaldu du. Euskaldunontzat "egiazko justiziarik" ez dagoela salatu dute, eta ondorioz euskaldunon eskubideen defentsa egin behar dela.
EHEen aburuz, epaitegietatik euskararekiko eta euskaldunekiko ematen ari den oldarraldia nabarmena da. EHEko bi kideren aurkako auzia horren erakusle jarri dute: iazko Euskararen Nazioarteko Egunean Baionako Justizia Jauregian egindako desobedientzia ekintzaren ondorioz apirilaren 11n epaiketa izango baitute.
Eragileak bi gai hauek azpimarratu baditu ere, euskararen alde borrokan jarraitzeko arrazoi ugari daudela diote, eta "jarrera erreakzionario eta atzerakoien aurrean" azken aldiz abenduaren 7an Durangon ehunka lagunek azaldutako konpromisoarekin bat egiten dutela diote.
Gauzak horrela, oldarraldiari aurre egiteko kalera irteteko deia zabaldu dute, "euskararen zein euskaldunon eskubideak batasunez babesteko" eta "euskara zapaltzen dutenek aurrean izango gaituztela" aldarrikatzeko.