argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herrian eta Katalunian dauden militar espainiarrak berrordenatuko dituzte
  • "Baliabide guztiei etekin handiena atera eta ahalik eta denbora gutxienean mehatxu guztiei erantzuteko" Espainiako armada berrantolatuko dutela argitaratu du El País egunkariak.

ARGIA @argia 2014ko urtarrilaren 30a
Arakako base militarrean dauden soldaduei eragin diezaieke aldaketak (argazkia: ABC).

Lurreko ejertzitoan aldaketak egingo dituzte Egunkari horrek argitaratutako informazioaren arabera. Brigada mota berri bat sortuko dute, Xede Anitzeko Brigada Organikoa (BOP, gaztelaniazko sigletan).

Unitate berri horiek gaur egun funtzionatzen duten hiru brigada espezifikoak (mekanizatua, arina eta paratxutista) ordezkatuko dituzte.

El Paísen arabera Brigada berriak txandaka ariko dira Indar Operatibo Bateratuko Nukleo deituriko egituraren baitan. Uda baino lehen egongo da martxan eta haren helburua da uneoro bi brigada prest egotea interbentzio militarretarako.

San Martzial brigada desegin liteke

Ordenazio berriaren eraginez, besteak beste, orain arteko 10 brigadetatik, 8ra pasako dira. Ez da baieztatu zein izango diren desegingo diren bi brigadak baina El Paísek iturri militarrak aipatuz nabarmentzen duenez, horietako bat San Martzial infanteria brigada arina izango da, egun Arakako base militarra egoitza duena.

Horrek ez du esan nahi brigada horretako unitateak desegingo direnik, beste brigada batzuen menpeko bihurtuko direla baizik.

Ejerzitoa antolamendu berrirako aztertzen ari den aukeren artean, Aragoin brigada berri bat sortzea dago, egun Aizoainen dauden mendiko tropak ere bilduko lituzkeena.

"Motibazio politikorik" ez

Miguel González kazetariak aipatzen dituen iturri militarrek ukatu egin dute antolamendu berriak motibazio politikoa daukanik.

Urteko 6.000 milioi euroko aurrekontua du Espainiako Defentsa sailak, horietatik %75 pertsonal gastuetara bideratuta. Egunkari espainiarrari egindako adierazpenetan, Fernando García Sánchez Espainiako armadako almirante buruak “aurrekontu igoera” eskatu du.