Uxue Urzelai domaikiarrarekin hitz egin dugu. Asanbladako kidea da eta Iraultza Txikien Akanpadaren hirugarren edizioaren antolakuntzan parte hartzen ari da. Uztailaren 19tik 23ra bitarte egingo dute Izarran (Araban) eta Euskal Herriko herri mugimenduen topaleku izatea dute helburutzat.
Zer da Iraultza Txikien Akanpada? Zein dira helburuak?
Euskal Herrian ditugun borroken eta herri mugimenduen arteko saretzea da helburua. Horretarako, mahai gainean egon beharko lirateken gaien inguruan hitz egin, hausnartu eta eztabaidatuko dugu. Ostean, kolektiko eta eragile ezberdinetan txertatzeko, eta baliagarria izateko. Hori gutxi ez eta, mugimenduen arteko aliantzak eta harremanak sustatzeko ere balio du.
Zein dira mahai gainean egon beharko lirateken gai horiek?
Galdetegi bat zabaldu genuen Euskal Herriko eragileen artean, haiei gehien interesatzen zaizkien gaiez jakitun izateko. Egitarauan ikus dezakegun bezala, hainbat dira: Polizia, ekologismoa, feminismoa, antiarrazismoa, lodifobia, AHT, antikapitalismoa...
Gaur egunera arteko ibilbidea zein izan da?
Ekimena Lurralde Askea eragileak sortu zuen. Bi urtez behin egitea da asmoa, horregatik lehen edizioa Zubietan (Gipuzkoan) egin genuen, 2018an; bigarrena Artean (Bizkaia), 2021ean; eta, hirugarrena, Izarran (Araban) izango da.
Zergatik Izarran?
Gipuzkoan eta Bizkaian egin ondoren, aurtengo edizioa Araban egin nahi genuen. Gainera, iruditzen zaigu hirietatik egitarauak deszentralizatu behar direla, herri txikiek eta landa eremuek garrantzia gehiago hartzearekin batera. Hortaz, Gasteizko eta Arabako herri mugimenduekin kontsultatu eta bertan egitea erabaki genuen. Uztailaren 19tik 23ra bitarte hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak, ekitaldiak, kontzertuak, otorduak, eta abar antolatu ditugu.
Nor gonbidatu nahi duzue?
Espazio irekia da eta borondatea duen edonork parte hartu dezake, bai herri mugimenduko kideek baita norbanakoek ere. Bide horretan, apuntatzeko epea irekia dago, ita.eus web orrian egin daiteke. Otorduak ordaindu egin beharko dira, baina gainontzekoa dohain izango da.