argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herrian dauden 250.000 etxe hutsak markatzen hasiko da Elkartzen
  • Eskubide sozialen alorrean lan egiten duen Elkartzenek, etxebizitza eskubidea bermatzeko etxe hutsen gaineko presio soziala premiazkoa dela aldarrikatu du. Etxebizitza eskubidea ez dago egoera onean Euskal Herrian, Gaindegiak argitaratutako datuen arabera.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko otsailaren 04a

“Arazo hau bereziki lan merkatuan egoera prekarioena bizi dugunon artean pairatzen dugu; egun Euskal Herriko biztanleriaren pobretze faktore nagusienetako bat bilakatzeraino”, salatu dute, etxebizitza eskuratzeko herritar askok pairatzen duten bazterketa gogora ekartzearekin batera.

Elkartzenen arabera indibiduala baino, arazo kolektiboa eta globala da etxebizitzarena. Erroa etxebizitza eskubide gisa ez onartzean dago: “Hori da administrazio publikoek bermatu behar dutena eta bermatzen ez dutena. Eraikitzaileen, higiezinen eta bankuen interesei men eginez, etxebizitza eskubidea, negozio bihurtu dute; etxebizitza inbertsio bezala ulertuz eta ez eskubide bezala”.

Alokairu sozialeko etxebizitza parke publikoa sortzea proposatzen du Elkartzenek, maizterraren diru sarreren %15era mugatuko litzateke alokairuarekiko: “Parkea, administrazio publikoak gestionatuko luke, betiere jendartearen parte-hartzea bermatuz eta kontrol publikoa  sustatuz”. Edozein instituzio publikoren, bankuren, elizaren, ejertzitoaren eta abarren etxe hutsak parkea osatzera pasako lirateke, funtzio soziala larriki urratzen dituzten jabetza pribatuko etxe hutsekin batera.

Ezinbestekoa da etxe hutsen gaineko presio soziala aktibatzea. Beste biderik ez dugu etxebizitzaren arazoa konpontzeko”, adierazi du Elkartzenek. Hori dela eta, etxe hutsen markaketa kanpaina hasiko dute: “Kontzientziak astindu nahi ditugu, egungo jokabide eta baloreak aldatu. Bide horretan, herritarrak antolatzera eta eskubide sozialen alde borrokatzera animatu nahi ditugu”.