argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herrian aurkituriko mosaiko erromatar garrantzitsuenetako bat ikusgai jarri dute Ablitasen
  • El Villar aztarnategian 2017an aurkituriko mosaiko erromatar handia zaharberritu eta ikusgai jarri dute Ablitasko kultur etxean. IV. mendeko villa edo etxaldeak 40.000 metro koadro ditu eta oso-osorik dagoela uste dute arkeologoek, nahiz eta zati txiki bat baino ez duten induskatu oraindik. Aurkituriko ondarearen artean daude Kupido jainkoaren brontzezko eskultura bat, hipokaustodun gelak eta mosaikoa bera.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko uztailaren 05
Mosaikoa 235.000 teselaz dago egina eta Ablitasko kultur etxean jarri dute ikusgai. Nafarroako Gobernua

Ablitasen, Nafarroako Erriberan, erromatarren garaiko altxor arkeologiko ugari egon daiteke oraindik ezkutatuta, duela 2.000 urteko jendea nola bizi zen ezagutzeko aukera eman dezaketenak. Herrigunetik ez oso urrun dagoen El Villar aztarnategia industen ari dira pixkanaka, eta tartean agertu da tamaina handiko mosaiko bat, Euskal Herrian aurkituriko garrantzitsuenetakoa

Mosaikoa hiru koloretakoa da (zuria, beltza eta gorria) eta 2,35 metro koadro neurtzen du. Denera 235.000 tesela dituela kalkulatu dute, 116 erroseta eta 108 gurutzerekin apainduta

Nafarroako Gobernuaren eta Ablitasko Udalaren ekimenez, mosaikoa zaharberritu egin dute eta kultur etxean jarri dute ikusgai, testuingurua azaltzen duen erakusketarekin batera. Mosaikoa hiru koloretakoa da (zuria, beltza eta gorria) eta 2,35 metro koadro neurtzen du. Denera 235.000 tesela dituela kalkulatu dute, 116 erroseta eta 108 gurutzerekin apainduta. Seguruenik, Nafarroako Museoan gordetzen diren beste aztarnategi erromatar garrantzitsuetako batzuen parekoa da.

Mosaikoa 2017an aurkitu zuten, El Villarren urtero inguruko herritarrekin batera egiten dituzten indusketa parte-hartzaileen kanpainetako baten barruan, eta orduz geroztik kalteak jasaten ari zenez –teselak desitsasten ari ziren animalia karraskarien ibiliagatik– eta espoliazio edo lapurretarik ez jasateko ere, erabaki dute zaharberritu eta lekuz aldatzea.

Mosaikoaren zaharberritze lanak. Argazkia: Nafarroako Gobernua

El Villar, etxalde handi bat

Ablitasko erromatar aztarnen berri gutxienez 1925etik dakigu –Maria Jesús Berraondo arkeologoak dioenez–. Mende hasieran, gainera, moneta iberiar-erromatarrez osaturiko altxorra azaldu zen, baina kontestu estratigrafikotik kanpo eta oso sakabanaturik.

El Villarren lehen indusketak ez ziren 2010 urtera arte egin. Aztarnategiak etxalde erromatar klasiko baten traza du, eta arkeologoek diote eremu osoak gutxienez 40.000 metro koadro izan ditzakeela, baina horietatik 4.000 inguru daude babestuta eta hesi batekin gordeta.

El Villar aztarnategia Cabezo de la Mesatik hartutako irudian. 40.000 metro koadro izan ditzake, sei kirol zelaik adina, baina 4.000 metro koadro daude babestuta eta zati txiki bat industua. Argazkia: Urko Apaolaza

Erromatar villa edo villae (pluralean latinez -ae) horiek landa guneko asentamendu mota berritzailea eraman zuten Nafarroako Erriberara, nekazaritzara guztiz emana. Esklaboentzako, animalientzako eta laboreentzako eremuez gain, etxaldeek gune urbano bat ere izan ohi zuten, –etxeko nagusia edo Dominus-a bizi zen–, eta hain zuzen hori da Ablitasko aztarnategian babesturik dagoena, georadar bidez ikusi baitute eraikin ugari daudela oraindik lurpean.

Urtero indusketa kanpainak egiten dituzte inguruko herrietako jendeekin elkarlanean. Argazkia: Urko Apaolaza.

Hipokaustoa: kalefakziodun etxe bat

Orain arteko indusketetan eraikin horietako batzuk azalerazi dituzte, tartean su baten bidez zorua bero mantentzeko kalefakzio sistema edo hipokaustoa dutenak. Euskal Herrian halako sistema bat ondoen kontserbaturik duen aztarnategia da Ablitaskoa.

2013an objektu berezi bat ere aurkitu zuten peristilo edo pasaleku batean: Kupido jainkoaren brontzezko irudi txiki bat, oso ondo landuriko eta kontserbaturikoa. Funtzio erlijiosoa izan zezakeen, edo besterik gabe apaingarri bezala erabilia izan.

2013 urtean El Villarreko 'peristiloetako' batean azalduriko brontzezko Kupido txikia. Argazkia: Plaza Nueva

Galtzada erromatarra ez oso urrun

El Villar toki estrategikoan zegoen kokaturik, Cascantum eta Belsinone hirietatik gertu, eta Tarraco eta Asturica-Astorga lotzen zituen bidearen ondoan. Ez da zaila pentsatzea, beraz, bertan ekoitzitako laboreak erraz eramango zituztela hiri haietara erromatar galtzadari esker.

Erromatarrek ingeniaritza konplexua erabiltzen zuten berrogei metro zabal eta ehunka kilometro izan zitzaketen "autopista" horiek egiteko: inguruak garbitu, lautu eta hareharri zein igeltsu-harri geruza ugari jartzen zituzten.

Hain zuzen, galtzada horren zati hoberenak inguru horretan kontserbatu dira. El Villar aztarnategitik apenas kilometro erdira azalerazi dute galtzadaren azpialdea, “Camino de los Romanos” edo “Camino Mallen” (Belsione hiria) izenak fosilizatu direnari esker, besteak beste.

Igeltsu-harriak bistan, Ablitasen azalerazi duten erromatar galtzadan. Argazkia: Urko Apaolaza
Miliario baten errekreazioa ere jarri dute intepretazio gunean, erromatar garaian galtzadak markatzeko erabiltzen zen harria. Argazkia: Urko Apaolaza
Seguruenik ez da egongo hain ondo kontserbatu den beste galtzada zatirik bide osoan, eta inguruak atondu dituzte. Argazkia: Urko Apaolaza.

Ablitasen, begien bistan ikus dezakegu orain nolakoak ziren duela bi mila urteko komunikazio bideak, etxeak, landaguneak eta artea. Hori guztia dekoratu paregabean.