argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herrian 101 hizkuntza hitz egiten ote dira?
  • 101L proiektua 98 hizkuntza erregistratzera heldu da. Hizkuntzen atzean hiztunak daude, eta emigrazio eta hizkuntza bizipenak kontatu dituzte.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2017ko urtarrilaren 12a

Aimara, taiwera, wolofera, yukatakera, susuera, tamilera, poloniera, nederlandera, japoniera, hindiera… 98ra iritsi arte. Proiektua 2015ean jarri zen abian Donostia 2016ko Olatu Talkaren barruan, eta Donostiako Bulebarrean karpatxo bat jarri zuten. Jendea karpara hurbildu zen eta bideoan grabatuta geratu ziren munduko hainbat hizkuntzatan hitz egiten duten hainbat hiztunen testigantzak.

Proiektuak aurrera segi du eta gaur egun 98 hizkuntza jasota dituzte. Hiztunek emigrazio prozesua kontatzen dute beraien hizkuntzan, eta gaztelaniaz edo euskaraz. Horrezaz gain, haien hizkuntza nolakoa den kontatu dute, zein egoeratan dagoen, eleaniztasunaz zein iritzi duten, euskarari buruz zer uste duten, eta abar.

101l.ahotsak.eus webgunean ari dira informazio guztia biltzen. Hiztunak eta hizkuntzak zerrendatuta daude webgunean. Hala ere, hiztunei egindako bideo batzuk baino ezin dira ikusi oraindik, tartean dira, japoniera, suomiera, persiera, punjabera eta lingalera hiztunenak.