argia.eus
INPRIMATU
Txirrindularitzarekiko zaletasuna turismoaren negozioa bultzatzeko baliatu nahi dutela salatu dute
  • Asteburuan Frantziako Tourraren 2023ko edizioa Bilbotik abiatuko da, eta lasterketak Euskal Herria zeharkatuko du lehenengo hiru etapetan. Ibilbidea Bilbon hasi eta, besteak beste, Gasteiz, Donostia eta Baiona hirietatik pasako da. Donostiako Bizilagunekin Plataformak Tourraren Grand Depart hori gutxiengo baten negozioa sustatzeko erabiliko dutela salatu du, eta desazkunde turistikorako zenbait neurri proposatu ditu, besteren artean, sustapen turistikorako aurrekontu publikoa ezabatzea edo nazioarteko ekitaldiak beharrean, bertako kirol komunitatea bultzatzea.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2023ko ekainaren 30a
Bizilagunekin plataformak zabaldu duen afixa.

Lasterketaren sustapena, antolaketa, logistika eta azpiegitura diru publikoz finantzatuko direla gogoratu du Bizilagunekin mugimenduak, zehazki, 14 milioi euro baino gehiagoko gastua, erakunde publikoek ordainduko dutena. Gastu publiko horri, lasterketak herritarren eguneroko bizitzan izango duen inpaktua gehitu behar zaila uste dute: kaleak eta errepideak itxita, eragozpenak zerbitzuetan, eta garraioa eta mugikortasuna murriztuta, besteren artean. "Hori gutxi balitz, inbertsio publikoa eta kalteak herritarrek jartzen dituzten bitartean, ekitaldiaren etekin ekonomikoak industria turistikoak jasoko ditu. Sektore turistikoa kontrolatzen duten lau poltsikotan bukatuko dute irabaziek; izan ere, ezagutzen dugun bezala, aberastasuna gutxien birbanatzen duen sektore ekonomikoetako bat da sektore turistikoa", salatu dute.

Negozio turistikoa sustatzeko Euskal Herriko txirrindularitzarekiko eta bere balioekiko atxikimendua erabili dela ikusten dute

Euskal Herriak txirrindularitzarekin duen lotura nabarmena ikusten dute, zale asko dituen eta pasio handiz bizitzen den kirola dela uste dute. Hori jakinda, Frantziako Tourraren Grand Depart-aren negozio turistikoa sustatzeko Euskal Herriko txirrindularitzarekiko eta bere balioekiko atxikimendua erabili dela ikusten dute. "Egun hauetan gure lurraldea, kultura eta nortasuna salgai daude, turismoaren industriaren irabazi ekonomikoak handitzeko".

Tokiko kulturaren eta ondarearen "merkantilizazio" horretan, euskararen gaia esanguratsua dela uste dute. Nahiz eta herritarrek bizitzaren arlo gehienetan euskaraz bizitzeko zailtasunak eduki, eta eremu sozioekonomikoan zein publikoan bigarren planoan egon, promozio turistikorako mesedegarria izan daitekeenean, marketin estrategien bidez folklorizazio eta fetitxizazio ariketak egiten direla ikusten dute, “ongi eTOURri” leloa espreski aipatuz.

"Txirrindularitzarekin zerikusi gutxi du operazioak"

"Azken finean, Grand Depart Pays Basque operazioak zerikusi gutxi du txirrindularitzaren baloreekin, euskal nortasunarekin, oinarrizko txirrindularitzako eragileei laguntzearekin, herriz herriko lasterketen antolakuntzarekin… baina guztiz lotuta dago Bilbon hoteletako gelek izan duten prezio igoerarekin, Donostian urte osoan funtzionamenduan dauden alokairu turistikoko 1.659 etxebizitzekin, eta hurrengo urteei begira neurriz kanpo hazten ari den jarduera turistikoaren bidez aberasten ari direnen negozioa sustatzearekin. Guztion onerako zerbait bezala aurkezten digute, aberastasuna gizartean oso gutxi birbanatzen duen jarduera hau", borobildu dute.

Gauzak horrela, desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren Bizilagunekin plataformak hiru eskaera egin ditu:

Batetik, turismo jarduera "neurri eta baldintza jasangarrietara" eramateko, desazkunde turistiko prozesuaren baitan, sustapen turistikorako aurrekontu publikoa ezabatzea eta, horren ordez, "turistifikazioaren kalte sozial, ekonomiko eta ekologikoak konpontzera bideratzea". Bigarrenik, "kirol ekitaldiz mozorrotutako" promozio turistikorako ekitaldi erraldoiak bertan behera uztea. Kirol jarduerak, lehiaketak edo ekitaldiak antolatzeko orduan, erabakiak hartzea herritarren beharrak erdigunean jarriz, aurrekontu publikoak tokiko komunitateetatik sortutako kirol ekimenetara bideratzea eta ez "gutxi batzuen eskuetan dauden" negozio turistikoen arabera.

Azkenik, Eneko Goia buru duen udalari eskatu diote espazio publikoa interes pribatuen mesedetan erabiltzeari uzteko, eta kirola, kultura eta herri-bizitza kolektiboa osatzen duten ekimenei bere erabilerarako erraztasunak emateko.