argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriak ez duela Lurralde Elkargorik izango argi utzi du Parisek
  • Marylise Lebranchu Frantziako Deszentralizaziorako ministroak zuzenketa aurkeztu zion joan den ostiralean, Asanblea Nazionalean, Lurralde oreka eta kooperazio poloari. Trufa eta sarkasmo giroan egin zen asanblea, eta garbi hitz egin zuen ministroak: "Argi gera dadila ez dela lurralde elkargorik izango Euskal Herriarentzat".

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 23a
Lebranchu: "Argi gera dadila ez dela lurralde elkargorik izango Euskal Herriarentzat". Lebranchu / kazeta.info

Ipar Euskal Herria lurralde berezitu gisa aintzat hartzeko Frantzian gauzatzen ari diren eztabaidak joan den ostiraletik larunbaterako gauean izan zuen azken albistea. Lege komisiotik pasa gabe, zuzenketa bat aurkeztu zion Lebranchuk Lurralde oreka eta kooperazio poloari: emendakinaren baitan "Euskal Herriko Poloa" terminoa gehitzea. Modu trufatian aritu ziren parlamentariak eta zuzenketa ez zen onartua izan, aldeko zero boto lortu baitzituen.

Lebranchuk berak ez zuen proposamenaren aldeko indarrik egin eta aurretik garbi utzi zuen onartuz gero ere, Euskal Herriak ez zuela lurralde berezituaren izaera lortuko. "Gauzak itxita daude lurralde poloei dagokienez", gehitu zuen.

Colette Capdevielle diputatu sozialista baionarra haserre agertu da, "gure lurraldearentzat hain garrantzitsua" den gai bat "era irrigarrian" tratatu izanagatik.

Ikusi Frantziako Asanblea Nazionalaren saio horretako bideoa.