Baietza nagusitu da Arrakundiaga-Zollon bozen %86,9rekin. Parte hartzea %61,59koa izan da.
'Nahi al duzu euskal estatu subirano baten herritarra izan?’ galderari erantzun diote Arrakundiagarrek. Ados herri plataformak antolatuta du galdeketa, eta honako emaitzak lortu dituzte: Baietz %86,9k (450 pertsona), ezetz %2,58k (13 pertsona) eta zuriz %6,57k (33 pertsona).
Euskal estatu independente bat sortzeko egiten den bigarren herri galdeketa da Arrakundiagakoa, aurretik, Etxarri Aranatzen egin zuten apirilaren 13an %42ko parte hartzearekin eta baiezkoak irabazi zuen bozen %94a lortuta.
Erabakitzeko eskubidea
Joseba Martin, Ados plataformako kideak esan du herri batek “demokratikoki” erabakitzeko eskubidearen alde egindako “lan orok” merezi duela.
Angel Oiarbide Gure Esku Dago plataformako bozeramaileak bide berean hitz egin du: “Normala da herritarrak inplikatzea, eta erabaki nahi izatea. Demokraziaren oinarria da”. Gainera, Etxarri Aranatzen egindako herri galdeketa, ekainaren 8an egindako giza katea eta azaroaren 8an egingo den mosaikoa gogoratu zituen.
Kataluniako prozesu independentista ere herri kontsulta bidez abiatu zen. Orain, azaroaren 9an Katalunia osoan galdetuko dute estatu independente izan nahi duten edo ez.