argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria Zuzenean jaialdia Nafarroa Beheretik Lapurdira
  • Lekorneko (Lapurdi) Garroko gaztelua izango da ekainaren 28tik 30era ospatuko den Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalaren eszenatokia. Administrazioa berritzeaz gain, balantze ekonomikoa hartu dute kontuan antolakuntzarekin hasteko.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2013ko urtarrilaren 07a
Euskal Herria Zuzenean festibala ospatuko den tokia, Lekorneko Garroko gaztelua

Larunbat goizean Hazparnen egin zen batzar nagusian aurkeztu zen Ipar Euskal Herrian urtero egiten den musika jaialdiaren lekua. Heleta, Uztaritze eta Lekorne ziren hautagaiak eta azkeneko hori izatea erabaki dute 70 laguntzaileren botoek. Eneko Etxegarai komunikazio arduradunak adierazi du aukera merkeena eta erosoena dela, aparkalekua eta kanpina gaztelutik gertu daudelako, Kazeta.infok jaso duenez.

Bestalde, administrazio kontseilu berria osatu zuten bilkuran eta hainbat kide aldatu dira. 40.000 euro gutxiagoko aurrekontua daukate, baina instituzioekin hitz egiteko asmoa azaldu dute babesa eta sostengua bilatzeko.

Datu horiek jakinda hasi dira plangintza prestatzen. Etxegaraik adierazi duenez hiru agertoki izango dira bost izan beharrean. Eguneko ekintzak Gazteluko plazan egingo direla aurreratu du eta gaueko kontzertuak baso bat pasata. Otsailera arte ez dute musika taldeen izenik aurreratuko, hainbatekin harremanetan jarri badira ere.