441 hildako eta 8.647 kutsaturekin itxi zuen martxoaren 31 Euskal Herriak. Munduan hildako gehien dituzten herrialdeen zerrendan hamabigarren postua betetzen du Euskal Herriak. Are gordinagoa da biztanleriaren proportzioa kontutan hartuta egin den zerrenda; laugarrena da, 100.000 biztanleko ia 13 hildakorekin, Berriak kaleratu duenez.
Jada bi aste pasatxo daramatza Euskal Herriak konfinamenduan, eta beste herrialdeetara gaitza zabaltzen joan ahala zerrenda horietan postuak galtzen joango da. Momentuz, ordea, Euskal Herria munduko koronabirus foku nagusietako bat da.
Dena den, herrialde osoan ez da errealitate bera antzematen: foku nagusia une honetan Nafarroako Artaxoako osasun eskualdea da, 1.000 lagunetik 10,7 baitaude kutsatuta. Gasteizen eta inguruetan berriz, 1.000tik 7,3 gaixo daude.
Bizkaian Erandio da tasa altuena duena, 1.000tik 5,5ekin. Gipuzkoan datuak apalagoak dira, Tolosaldea da kutsatu tasa handiena duena, 1.000tik 4,2rekin.