Euskal Herria, mozal lurraldea


2024ko ekainaren 17an - 12:53
Azken eguneraketa: 2024-06-18 09:23:32

Duela bederatzi urte, Mozal Legea onartzekotan zegoela oraindik, Europako Kontseiluak berak legea “neurriz kanpokoa” izango zela esan zuen eta baita bere “kezka larria” adierazi ere. “Lege hau kaleko protesta eta kritika kriminalizatzeko izugarrizko zentzugabekeria atzerakoia eta kontserbadorea da”, esan zuen Joan Queralt Bartzelonako zuzenbide penaleko katedratikoak. Legea “behargabekoa, errepresiboa eta desegokia” dela aipatu zuten Demokraziarako Epaileak eta Abokatu Progresistak elkarteetako ordezkariek. Tamalez, GKS, Jarki eta Ernai gazte erakundeen aurka eman diren azken zigor neurrigabeek aurreikuspen horiek guztiak bete direla erakusten digute.

ELEAK-Libre mugimenduak Herritarren Segurtasunerako Lege hau Euskal Herrian aplikatu zen lehen urteari buruz egin zuen balantzearen arabera –Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Gobernuek eman eta ARGIA euskal aldizkariak argitaratu zituen datu ofizialetan oinarrituta–, legea 3.052 aldiz aplikatu zen. 2016an, batez beste, 33 zehapen ezarri ziren astean Nafarroako Autonomia Erkidegoan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuari dagokionez, Ertzaintzak 2015eko uztailetik 2016ko abendura bitartean ezarritako zehapenak 8.087 izan ziren guztira, batez beste 88 astean. Hau da, indarrean izan zen lehen urtean, astero-astero, 110 aldiz baino gehiagotan aplikatu zen Herritarren Segurtasunari buruzko Legea Hego Euskal Herrian... Eta geroztik gauzak okertu baino ez dira egin.

2016an, Nafarroako zein EAEko Legebiltzarrek Mozal Legearen aurkako iritzia eman zuten, eta Eusko Legebiltzarrak 2016ko ekainean Euskal Gobernuari eskatu zion Mozal Legea ez aplikatzeko. Alper alperrik, azken bederatzi urteotan Mozal Legearen aplikazioa indartu baino ez baita egin.

2018an, bi gobernuek erabaki horiek betetzeko inolako asmorik ez zutela ikusirik, Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko gehienek Mozal Legearen indargabetzea eskatu zuten. Besteak beste, ELEAK-Libre mugimenduaren eskaerarekin bat egin zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak, Komite Internazionalistak, Euskal Herriko Bilgune Feministak, Bake Ekintza Talde Antimilitaristak, Ernai gazte mugimenduak, Askapenak, NOR Euskal Herria Antiespezistak, Askekintzak, Errauskailuaren Aurkako Mugimenduak, Satorralaiak eta Errekaleor Bizirikek. Sindikatuen artean, berriz, ELA, LAB, ESK eta STEE EILASek bat egin zuten eta indar politikoen artean, Sortuk, Equok eta EH Bilduk. Herri hedabideen artean, azkenik, ARGIAk, Hala Bedik eta Topatuk. Bi hitzetan esanda, euskal jendartearen gehiengoak eskatu zuen Mozal Legearen indargabetzea. Kasurik ere ez.

2019an, ELEAK-Libre mugimenduak Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordean argi eta garbi adierazi zuen gertatutakoa: “Herritarren Babeserako 4/2015 Lege Organikoak, Mozal Legeak, areagotu egin ditu, argi eta garbi, Poliziaren gehiegikeriak eta biltzeko, manifestatzeko, antolatzeko eta prentsa-askatasunerako oinarrizko eskubideen urraketak, kritika politikoaren eta gizarte-mobilizazioaren aurkako errepresioa areagotuz. Lege honek berekin dakar zigortzeko prozedura orotan dauden berme prozesalak desagertzea, eta kaltetzen ditu segurtasun juridikoaren printzipioa, legezkotasun-printzipioa, defentsa-eskubidea eta errugabetasun-presuntzioa, bai eta aldeen/prozesuen berdintasuna eta proportzionaltasun-printzipioa ere. Legedi horrek guztiak mugimendu sozial, sindikal eta politikoen kriminalizazioa eta errepresioa sustatzen ditu, eta, beraz, Nazio Batuei eskatu diegu dei egin diezaiola Estatu espainolari berehala indargabetu dezan”.

2021ean, Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroak, The New York Times egunkariari emaniko elkarrizketa batean, Pedro Sánchezen Gobernuak Mozal Legea berrikusteko borondatea zuela esan zuen. Geroztik, Madrilgo Kongresuan dauden indar politikoen artean 50 bilera baino gehiago egin omen dira, baina gaur gaurkoz, Mozal Legeak indarrean jarraitzen du eta baita bere aplikazioak sortzen duen sarraski politikoak.

Ipar Euskal Herrian ez da Mozal Legerik, baina Frantziako Gobernuak ere bere mozal neurriak hartu ditu bertako protesta soziala suntsitzeko. Horren lekuko dira fitxategi polizialen ugaltzea zein kontrolen indartzea, edota lurraren defentsan, espekulazioaren aurka zein euskararen aldeko ekintzetan parte hartzeagatik zigortuak izan diren militanteak. Bi hitzetan esanda, Euskal Herria mozal lurraldea bihurtu digute.

Eta non dago tamaina bereko gure erantzuna? Ez dago. Desobedientzia zibila, kolaborazio eza, intsumisioa, herri erresistentzia edota ekintza zuzena delituak ez direla pentsatzen dugun guztiok elkartu, praktikan jarri eta indartu behar ditugu, jasaten ari garen erasoei aurre egiteko erresistentzia kutxa sozialak antolatuz. Joko arauak aldatzen ez baditugu, gureak egin du, eskubide guztiak zapuztuko dizkigute.

Errepresioa gure askatasun proiektua indartzeko tresna bihurtu behar dugu. Gure aurkako zenbat eta eraso gehiago, orduan eta erantzun mobilizatzaile handiagoz erantzun behar diegu. Horretan indartsuagoak izan behar dugu, nekaezinak, iraunkorrak, tematiak. Erresistentzia zibilaren eta desobedientziaren estrategiak garatu behar ditugu. Erresistentzia zibilaren txanda da, eraikuntza nazional eta sozialaren matxinadarena. Dinamika instituzionalean murgilduta dauden euskal eragile politikoek ez dute horrelakorik egingo. Herri mugimenduaren ordua da.

 

 

Joseba Alvarez, Ezker Abertzaleko kidea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Eguzkiak etxebizitza erre du

Turistek neurrigabeko prezioak dituzten apartamentu eta hotelak bete dituzte. Eta zu gurasoen etxean, etsita, konpainia handiek eta espekulatzaileek alokairua puzten duten bitartean.


2024-06-27 | Jauzi Ekosoziala
Zenbat dira gehiegi eta nahikoa?

Zeintzuk dira gure benetako beharrizanak ondo bizitzeko? Zer da ondo bizitzea? Galdera hauei erantzutea funtsezkoa da gehiegikeriaren gizartean, are gehiago larrialdi klimatiko, ekologiko eta zibilizazio krisiaren garaiotan.


Gustua nirea da

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio omen du. Pascual Serrano kazetari eta idazleari irakurri nion ez dagoela hori baino gezur handiagorik. Duela hamar urte pasa idatzi zuen hori, irudiak berba osorik jan behar zuela ikusten hasiak ginenean. Tira, gezurtatu daitezkeela... [+]


Izendatzea

Sexu-langileen Nazioarteko Egunaren harira, sexu-langilea den kide batek estigma apurtzeko tailer bat eskaini zuen ekainaren 2an. Kideak oinarrizkoa den eta agian horregatik horren presente ez dugun auzi bati heldu zion: gauza bat dela zerbait baimenik gabe egin diezazuten eta... [+]


Bizitzaren legeak

Etorkizun laburrekoak kezkatuago gaude etorkizunarekin etorkizun luzekoak baino. Bizitzaren CCCLXIX. legea da. Aho-korapiloa ematen du, bizitzaren legeak, ordea, ez ditut nik idazten, bizitzak berak baizik.

Lege horrek, taxuzko lege guztien antzera, salbuespenak baditu, baina... [+]


Metaketa

Lehengoan mezu bat idatzi nion METAri. Di-da, pentsatu eta egin. Mark Zuckerbergek ez du lorik egin ordutik, ez baitzen edozelako mezua izan, lehor samar idatzi nion. Borde, ia. Instagrameko bideo baten bidez jakin nuen METAk bere erabiltzaileek partekatutako informazioa... [+]


Eguneraketa berriak daude