argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herri labanazalea?

ZuriƱe Rodriguez Nora Miralles @NoraMMC Itziar Mujika El Salto @ElSaltoDiario 2023ko otsailaren 21a
Ertzaintza, Bilboko San Frantzisko auzoan. Argazkia: Miguel Virizuela

EAEko udal eta foru hauteskundeak gertu daude. Eta horiekin batera dator fenomeno sozialen erabilera alarmista –askotan anekdotikoak edo berariaz puztutakoak–, hauteskunde eta gizarte eztabaidaren oinarria izan dadin euskal eskuina hobekien mugitzen den esparruetako bat: segurtasuna eta –oker izendatu duten– ordena publikoa.

Gaueko aisialdian arma zurien erabilerak izan duen ustezko gorakadak diskoteketan identifikazio masiboak justifikatzeko balio du. Hori, duela bi egun arte, neurriz kanpokoa irudituko litzaiguke. Bat-batean, ordea, normala eta are komenigarria iruditzen zaigu; izan ere, EAEn kriminalitateak gora ez, behera egin duen arren, hor dago segurtasun-ezaren pertzepzioa, nahierara aldatua edo instrumentalizatua izateko. Edo azken soziometroaren aginduari jarraituz. Beldurra politikoki ahaltsua eta ekonomikoki errentagarria da. Erraza da oinarrizko emozioetara jotzea eskubideetan atzerapausoak eragiteko edo, paradoxikoki, segurtasunarekin zerikusia duten, baina horien alde egiten ez duten eztabaidak alboratzeko. Horren anekdotikoak ez diren beldurrei eta segurtasunik ezari buruzko eztabaidak dira.

Zaurituak izan gabe parrandan irteteko eskubidea dugula ez dugu gutxietsi nahi eta, beraz, arma zurien presentzia handitu izanari aurre egiteko neurri zehatz eta eraginkorrak behar direla. Baina gure bizilagunen beldurretan sakontasun pixka batekin murgiltzeko esperimentua egingo bagenu, ziur aski bestelako gaiak aterako genituzke. Eta horiei ez zaie hain zorrotz erantzuten. Horiek ez dituzten azken asteotako informatiboak ireki. Ziurgabetasun ekonomikoa, indarkeria komunitarioak, emakume, lesbiana, gay, trans edo migratzaile izateagatik kalean eraso egingo dizuten beldurra, zure azal-koloreagatik identifikatzeko geldituko zaituzten beldurra, bakarrik geratzekoa, sarea galtzekoa, bizilagunak ez ezagutzearena, inor zure kargu ez egitekoa, edo zure burua gero eta ahulago, gaixoago edo isolatuago ikustekoa.

Segurtasunarekin estuki lotutako gaiak dira, baina, jakina, bakar, apelaezin, tekniko eta objektibo gisa saltzen diguten ikuspegi hegemoniko horrekin ez dute loturarik. Mehatxuekin eta arriskuekin zerikusia duen ezer nekez izango da objektiboa; ideologiak, intentzionalitateak, ekonomia, generoa edo arrazaren araberako egituretan dugun posizioak, adinak, gorputza gaitasunek edo egoera administratiboak baldintzatuta egongo da. Zigorren gogortzea egiazki zer den salatua izan da: disuasio-gaitasunik gabeko segurtasun-plazebo bat, kontzientziak lasaitzetik haratago ez doana, gizarte-indarkerien sakoneko dinamikak aldatu gabe. Segurtasunari buruzko diskurtso tradizional eta zigortzaileari beste teoria eta praktika batzuk kontra jartzen zaizkiola hiru hamarkada joan dira jada. Horiek lotura handiagoa dute gizarte-aldaketarekin, eskubideetan aurrera egitearekin, antiarrazismoarekin, gizarte-kohesioarekin, desberdintasunen murrizketarekin, gizarte-inbertsioarekin, komunitateen ahalduntzearekin, bitartekotzarekin, gatazken kudeaketa eraldatzailearekin, feminismoarekin eta zaintzen eta zaurgarritasunaren sostenguarekin.

Oraingoan, Euskadi labanazale marraztu dute. Ustez aurpegirik gabeko mehatxua da, baina armatuta dago; nahiz eta, bistan denez, mehatxu horrek hartuko duen unean une arrisku sozial gorena omen denaren aurpegi: kinkiak, yonkiak edo migratzaileak, gizatasuna kendu beharreko kolektiboak. Hori bai, beti gizon gazteak dira. Hala ere, ez dute inoiz aipatzen zer egitura eta komunitate dinamikek bultzatzen duten gizon gazteak izatea, aldi berean, gizarte indarkerien biktima eta egile nagusiak espazio publikoan. Berehala proposatzen dute diskoteketan metal detektagailuak jartzea, baina ez dute indarrean den genero sozializazioa jorratu nahi, indarkeria gauza desiragarritzat jotzen duena. Ez dute hitz egiten osasun mentalaz, kontsumoez edo pobreziaz.

Ez dira berriak eskubideak eta loturak oinarri dituzten politika publikoak eta segurtasunerako modu komunitarioak, zigorren areagotze ez-eraginkorrak alboratzen dituztenak. Ez dira utopikoak. Latinoamerikan eta Nafarroa edo Katalunia bezalako lurralde hurbiletan egiten dira. Beraz, onartezina da markoa behin eta berriz falazia berberen inguruan ardaztea, hauteskundez hauteskunde; bien bitartean autoritarismoa, gizarte-isolamendua, desberdintasunak eta indibidualismoa hazten doaz, eta inor ez da gai diskurtso, politika eta dinamika sozial horiei aurre egiten.

Ezkerrak, erakundeetan eta kalean, beldurra galdu behar dio segurtasunaren eztabaidari. Eta, batez ere, utzi behar dio bereak ez diren markoak bere egiteari. Horiek soilik egiten diete mesede gizarte indarkeriak amaitzea nahi ez dutenei, gutxi batzuen pribilegioak eta onurak babestu nahi dituztenei. Seguru sentitu eta espazio publikoan elkarrekin bizitzeko beste modu batzuk esperimentatzeko datu, estrategia, politika eta esperientzia asko dago. Lehiatuko al diegu seguru bizitzeari buruzko diskurtsoa?