Orain dela hilabetetxo batzuk eztabaida bizia piztu zen sare sozialetan. Bi bando buruz buru: Euskal Herria kolonia bat ote da? Nire uste apalean, ika-mika haren muina kolonialismo eta inperialismo hitzen definizioan zegoen, oso modu ezberdinean erabiltzen ari baitziren hitzok. Orduan esan nituenak hitz lauz jartzea erabaki dut.
XIX. mendearen amaieran, kapitalismoaren aurreneko krisi handiari aurre egiteko, Europako potentzia industrialek haien abantaila teknologiko eta ekonomikoak baliatu zituzten munduko lurralde zabalak bereganatzeko. Metropoliaren eta kolonien arteko mendekotasuna ezarri zuten, besteak beste, Europako stockei irtenbidea emateko eta lehengai eta lan-indar merkea eskuratzeko. Hori izan zen inperialismoaren –kapitalismoaren garaiko kolonialismoaren– hasiera, garapen ekonomiko industrialaren behar ekonomikoek bultzatutakoa. Hala argitzen da Hobsonen eta Leninen definizio klasikoetan. Funtsa horixe da, beranduagoko autoreek definizio hori berrikusi duten arren.
Metropoliaren eta kolonien arteko mendekotasun ekonomiko horrek eragin ditu, beste arrazoi batzuen artean, Hirugarren Munduko herrialdeen azpigarapena eta Mendebaldeko herrialdeen nagusitasun ekonomiko eta politikoa. Halaber, Bigarren Mundu Gerra eta gero koloniek independentzia formala lortu duten arren, metropoliekin mendeko harreman ekonomikoak izaten segitu dute. Horri neokolonialismo esaten zaio.
Eta Euskal Herria? Frantzia eta Espainiaren mendeko den heinean, aliantza inperialista nagusien partaide da (NATO eta Europar Batasuna), hemengo enpresek Hirugarren Munduko herrialdeak arpilatzen dituzte eta hemengo biztanleen ongizatea, hein batean, herrialde horien arpilaketaren ondorio da. Onar nezake esatea Euskal Herria ez dela herrialde inperialista bat, ez duelako proiektu inperial propiorik. Baina aitortu behar dugu Mendebaldeko herrialde kapitalista garatuen parte den heinean, bere enpresek eta bere egitura ekonomikoak paper inperialista jokatzen dutela nazioartean.
Nekez konpara daitezke metropoli eta koloniek dituzten/zituzten mendekotasun egoera eta Euskal Herriak bi estatu zapaltzaileekin dituen harreman ekonomiko eta politikoak. Espainiak ez du Hegoaldea ekonomikoki zukutzen. Are gehiago, Espainiako kapitalismoaren punta-puntako guneetako bat da, eta gainera, autonomia fiskal zabala du! Besterik da, nire uste apalean, Robert Lafontek (Okzitanian) eta Xose Manuel Beirasek (Galizian) teorizatu zuten barne kolonialismoa. Eredu horrek, akaso, Iparraldeko egoera hobe deskribatzeko balio lezake.
Alabaina, horrek guztiak ez du esan nahi Euskal Herria nazio zapaldua ez denik. Euskal herritarroi naziotasuna eta autodeterminazio eskubidea ukatzen zaizkigu. Era berean, akulturazio eta asimilazio prozesu bat bizitzen ari gara, euskara eta euskal kultura arrisku larrian daudelako. Ondorioz, esan genezake Euskal Herria ez dela kolonia bat, zentro inperialistan dagoen nazio zapaldua eta asimilatua baizik. Hala uste dut nik behintzat.