argia.eus
INPRIMATU
“Euskal Herria, harrera herria” manifestuarekin bat egitera deitu dute
  • Hona iristen diren migratzaileentzako harrera duin eta integral iraunkorra aldarrikatuz, Euskal Herriak etorri direnei besoak beti zabaldu dizkiela gogoratuz, karitatetik harago elkartasuna eta justizia nabarmenduz, eta politikariei ardura eskatuz, manifestua argitaratu du Irungo Harrera Sareak. Manifestua sinatzeko eta urtarrilaren 26ko manifestaziora batzeko deia egin diete herritarrei.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko abenduaren 06a

“Errealitatea eta mundua bereizten duen hesia altxatzen saiatu da Europako gotorleku gaindiezina”, dio manifestuak; “hesia fisikoa da baina ez estatikoa”. Zazpi hilabete darama Irungo Harrera Sareak, trantsitoan diren migratzaileei babesa ematen: “Elkartasunaz ari gara, ez karitateaz, elkarrekiko babesaz, bestearen azal eta begietan errekonozitzeaz. Gizatasuna eta justiziaz ari gara”.

Pertsonen zirkulazio askea eta errespetua

Herri ekimenak politikariei aurre hartu diela dio manifestuak, instituzioek inprobisazioz jokatu baitute, epe motzerako erantzunak emanez, eta sakoneko planteamendurik egin gabe. Hala, instituzioei eskatzen diete eskubideak bermatu eta alternatibak sortuko dituen migrazio politika garatzea; aldarrikatzen dute giza eskubideen errespetua eta pertsonen zirkulazio askea; salatzen dute munduko potentzia ekonomikoek Afrikan egiten dituzten espoliazio eta arpilatze politika neokolonialistak; eta errespetua eskatzen dute “honaino iristeko bere etxe eta herriak uztera behartuak izan diren pertsonentzako”.

Bukatzeko, Europako etorkizuna kultura anitzekoa izango dela azpimarratu eta trantsitoan dauden pertsonei elkartasuna adierazteko urtarrilaren 26an Irunen egingo den manifestaziora animatzen ditu herritarrak Harrera Sarrerak.