argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria ez da salgai!

Unai Villacorta Rollan 2021eko otsailaren 23a

Philippe Thomine-Desmazures Frantziako Châteaurenard herrian sortu zen, eta zoritxarrez 2010ean Miarritzera etorri zen bizitzera. Zoritxarrez diot, Barnes luxuzko higiezin agentzia sortu zuelako, eta geroztik gure herria saltzen ibili delako bere poltsikoak betetzeko asmoz. Geroztik frantziar Gobernuaren kolonizazio prozesuan bere ekarpena egin du Euskal Herriaren etsai bilakatuz.

Orain dela hilabete batzuk, 2020 urteko balorazioa plazaratu du, eta pentsa genezakeenaren kontrara adierazten du salmenta aldetik urte paregabea izan dela. Martxoko konfinamenduak aste luzeetan zehar merkatua blokatu duen arren, errekor guztiak hautsi ditu. Izan ere, kopuru aldetik inoiz baino gehiago saldu dute, eta prezio aldetik ordura arte inoiz ez ikusitakoa gertatu da: Miarritzeko pisu bat saldu dute 40.000 euro metro koadroa. Sekulako erokeria!

"Etsaiek boterea duten heinean, beraiek dute erabakitzen zer egin gure herrian. Eta gure hitzak gutxi balio du horren aurrean. Tamalez autodefentsaren aukera besterik ez zaigu gelditzen, bortizkeria erabili behar bada ere"

Gainera harro dio etxe/pisuen %50a baino gehiago Paristarrei edo ingurukoei saldu diela. Errekor urte hori esplikatzeko hainbat arrazoi ematen ditu. Hasteko norbaitek argi ez bazuen, azaltzen digu krisiak ez diela aberatsenei eragin. Pisu txikietan pasatako konfinamenduak, telelanaren esperimentazioa, edota azken urteetan egoera soziopolitikoaren lasaitzeak bultzatuko ditu frantses kanpotarrak Euskal Herrian erostera.

Frantziar kolonoen etorrera berria ez bada, tendentzia horrek goraka eginen du. Hori gure nazio eraikuntzaren eta hizkuntzaren kalterako izateaz gain, merkatuaren legearen arabera, eskaintza urriak eta eskaera handiak, prezioen etengabeko igoera suposatzen du.

Horrela, alde batetik etxebizitza bat erosteko zailtasun handiak ditugu. Eta bestetik, bigarren etxebizitzen kopuruagatik, eta udan bakarrik alokagai diren pisuen erruz, zailtasunak ditugu urte osoko alokairua aurkitzeko. Zentzu horretan ulertu behar dira Bidarrain egin den herri-defentsa ekintza.

Etsaiek boterea duten heinean, beraiek dute erabakitzen zer egin gure herrian. Eta gure hitzak gutxi balio du horren aurrean. Tamalez autodefentsaren aukera besterik ez zaigu gelditzen, bortizkeria erabili behar bada ere. Hala ere argi ukan behar dugu, erabiltzen dugun autodefentsarako biolentzia huskeria bat dela gure herriak jasaten duen bortizkeriaren ondoan. Ekintza horiek ez baitira deus gure hizkuntzaren erailketaren, gure lurraren suntsiketaren eta gure duinki bizitzeko eskubideen urraketen aurrean.

Euskal herriak bizi behar du!