argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria Europa berrian
Joan Mari Beloki 2025eko martxoaren 11

Ukrainako gudaren amaierak ondorio sakonak ekarriko ditu Europa osora. Europako elite ekonomikoek beren indar guztia jarri dute guda-zelaian eta galdu egin dute. Galtzaileek, elite globalistek, beren egitasmo kuttuna galduko dute, Europako Batasuna, eta Bruselatik europar guztioi beren nahiak inposatzeko egun duten tresna hondoratu eginen zaie. Irabazleak, Errusiar Federazioak, guda amaitzeko baldintzak finkatuko ditu. AEBetako presidentea Errusiarekin amaiera hitzartzeko prest dagoenez, litekeena da estatubatuarren interesak ere hitzarmenean azaltzea.

Geopolitikaren ikuspuntutik, Europako Batasuna izanen da galtzaile nagusia. Besteak beste, batzuk bakea hitzartzen ari diren bitartean, bera guda gogortzeko planak egiten ari delako. Trump eta Putin bakea jorratzen ari dira. Macron, Stormer eta enparauak, berriz, tropa gehiago noiz eta nola bidali, gudaren sugarrak hauspotzeko. Bake prozesua sinatu eginen da eta EBko agintariak argazkitik kanpo geratuko dira. Europako Batasunarenak egin du, gudaren alde egiten ari delako. AEB eta Errusia, aldiz, indartuta aterako dira bakearen alde egin dutelako.

Aldaketa handiak datoz Europara. Egungo “batasuna” desagertu eginen da eta egitasmo berria eraiki beharko da. Nolakoa, ordea? Zoritxarrez, egungo EB eraiki zuten elite ekonomikoei aurre egiten ari zaizkienak beste elite ekonomikoak dira. Globalisten aurka subiranistak, denak aberatsak eta politikoki zigilu eskuindarra dutenak. Bitartean, langileak eta herritar xumeak egoera honi aurre egiteko prestatuta dagoen lider politikorik gabe gaude. Zer egin egoera tamalgarri honen aurrean?

Lehen-lehenik, nolako Europa nahi dugun erabaki beharko dugu. Zeregin horretan euskaldunok ongi samar kokatuta gaude, oso argi dugulako geure lehentasuna zein den: Euskal Herriari leku propioa bilatzea egituraketa instituzional berrian. Europa berriak ez ditu soilik estatuak aintzat hartu beharko, haien barruan subiranotasuna ukatuta duten nazioei ere lekua eskaini beharko zaielako. Euskal Herria, Ipar Irlanda, Eskozia, Gales, Korsika, Flandria… egun burujabetzarik ez duten guztiek ahots propioa behar dute izan Europa berrian.

Garbi al dugu nolako proposamena egin Europako indartsuei guri leku duina onar diezaguten? Herri bezala joateko finkatuta al ditugu geure oinarriak? Prest al gara iritzi politiko desberdineko euskaldunak elkar hartuta joateko?

Egungo EBk herri txikiei ez digu lekurik eskaini. Beraz, gure aldeko haizea da bera desagertzea. Geure lekua merezi dugulako, batetik. Eta langileen eta herritarren eskubideak hobeki babesten direlako esparru juridiko-politiko txikiagotan, bestetik. Ezin ahaztuko dugu batasunaren funtsa inposizio errazago gauzatzea eta jendearen aldarrikapenak zailtzea izan zela lehen unetik.

Baina, prestatuta al gaude bide hori indarrean jorratzen hasteko? Garbi al dugu nolako proposamena egin Europako indartsuei guri leku duina onar diezaguten? Herri bezala joateko finkatuta al ditugu geure oinarriak? Prest al gara iritzi politiko desberdineko euskaldunak elkar hartuta joateko? Europako aliantzak ongi landuta al ditugu, eraginkortasun politikoa izanen duen kolektibo gisa azaltzeko?

Mendebaldekoek Errusia aintzat hartu beharko dugu Europa berrian. Eragile politiko eta ekonomiko garrantzitsu bezala hartu eta leku duina eskaini beharko diogu. Errusiak aspaldiko urteetan EBn ezagutu ez diren elementu berriak eskainiko dizkigu. Besteak beste, autodeterminazio eskubidearen praktika. Bere baitan hartu berriak dituen Luhansk, Donetsk, Zaporizhia, Kherson eta Krimea eskubide horren erabileraz hartu baititu bere magalean. Errusiak autodeterminazioaren haize freskoa ekarriko du eta eskubide hori ez da txostenetan edota historian, atzean, geratu den zerbait izanen.

Elite ekonomiko subiranistak munduan globalistei nagusitu zaizkie leku erabakigarrienetan. Lehendik Txina eta Errusian, berriki AEBetan. Hurrengo urteetan subiranotasunak eragin politiko handia izanen du mundu osoan zehar. BRICS elkargoak bidea erakutsi du: a) kide guztiek gainerako herrialdeen antolaketa politikoari begirune osoa erakusten diote, inolako injerentziarik gabe; b) elkarren arteko hitzarmen eta harreman komertzialetan denek irabazten dute, errespetuan oinarritzen direlako. Gerrak ez du lekurik sortzen ari den mundu berrian. Gudazaleak gero eta bakartuago geratuko dira.

Jarrera politiko horrekin euskaldunok bat egin dezakegu. Oinarri horiek leuzkakeen Europa berria eraikitzeko prest egon behar dugu. Ingurura begiratuta, batzuetan oraindik prest ez gaudela pentsatzeko arrazoiak aurkitzen ditugu. Baina herri zahar honek bere DNAn itsatsia du aurrera duintasunez ateratzeko grina. Orreagak, Noainek, Amaiurrek… itxaropenaren ateak zabaltzen dizkigute.

Joan Mari Beloki Kortexarena