"Euskal Herri eta Herri Boterea" gogoeta taldea martxan da 2019 bukaeratik. Euskal Herriko txoko ezberdinetako kideek osatu dute taldea, "bizipen eta militantzia ibilbide anitzekoak". ARGIAren Eragileen plazan argitaratu dute lehen artikulua.
Herri Boterearen inguruko gaiei buruzko gogoeta kolektiboa bultzatzea du talde honek helburu. Horretarako, "munduko leku ezberdinetatik jasotako idatzien" lanketan aritzen dira: testuak irakurri, elkarrekin aztertu eta eztabaidatuz. ARGIAko Eragileen plazan hamabostean behin argitaratuko dituzte Euskal Herriko txoko ezberdinetako pertsona eta kolektiboen idatziak, "guztion artean puzzle kolektibo aberasgarria eta anitza osatze bidean".
ARGIAren Eragileen plazan lehen artikulua argitaratu dute, herritarrekin partekatzeko taldean landu dituzten gogoetak. Idurre Etxabek idatziriko artikuluak herria eta boterea kontzeptuak landu ditu.
Gogoeta taldeak bere lanketarekin aurrera egiten duen heinean, ARGIAko Eragileen plazan artikulu gehiago argitaratuko ditu: "Hurrengo artikulu desberdinetan, ariketa kolektibo bat bezala eta parte-hartzaile desberdinekin, botereaz, zapalkuntza eta emantziazioaz hausnartzen jarraituko dugu. Eta horrekin batera, gogoeta kolektibo honen erdian dagoen HERRI BOTEREA kontzeptuaz hausnartzen jarraituko dugu, aspektu desberdinak kontuan hartuz: herri boterearen izaeraz, ulertzeko moduaz, ezaugarriaz, formulazio posibleetaz, eta abar…; herri boterea eta bere aspektu desberdinen inguruan: etika, subjektua, klasearen afera, generoaren afera, kultura, hegemonia,…; herri boterea eta Euskal Herrian garatu diren esperientzia desberdinak; eta herri boterearen inguruan landu daitezken beste aspektu zehatz edo orokorretaz".