argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria estatu balitz, koronabirusak hildakoen sailkapenean munduko 14.a litzateke
  • Covid-19 izurriteak 949 pertsonaren heriotza eragin du Euskal Herrian apirilaren 10a arte. Euskal nazioaren burujabetza eskubidea aldarrikatzen dugun Aberri Egun honetan, beste eztabaida eta erreflexio garrantzitsuak gutxietsi barik, gogoeta egin beharko genuke izurri handi honek gurean eragin duen hondamendiaz. Gure aldetik, herritarroi eta gure administrazio autonomoei dagokigunez, zer egin dugu ongi eta zer gaizki? Ematen ari gara espero genuen eta bestek guregandik espero zezaketen maila? Zer joango zen hobeto (edo zer okerrago!) independente izan bagina?

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2020ko apirilaren 13a
Suhiltzailea Gipuzkoako zahar-etxe bat desinfektatze lanetan. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

949 hildako dagoeneko (apirilaren 10ean) hiru eremu administratibotan banatuta bizi garen 3,2 milioi biztanleon artean. Oraindik goiz da alderaketak egiteko beste nazio eta eskualdeekin, izurria abiada bizian ari baita zabaltzen eta gaur eskaintzen duen argazkiarekin oso antza gutxi eduki lezake hilabete barru erakutsiko duenak. Egia da ere biktimen kontaketetan –mundu osoko administrazio guztiek egindakoetan– zer argitu asko dagoela. Hala ere, hedabide guztiok ari baikara biktima kopuru, estatistika eta zerrendekin jolasean… ariketa sinpleenak bederen ez genituzke egiteke utzi behar Aberri Egunean, EAEko lehendakariak autogobernuaren 40ak ospatu dituen astean, euskal gizartea hobeki kudeatu eta herritarrak hobeto bizitzeko autogobernu handiagoa eta baita estatu independente izatea ere aldarrikatzen dugun Bazko igandean.

Munduan egunero erakusten diren zerrendetan nola legoke Euskal Herria estatu independente balitz? Hurbilketa bat eskaintzen digu Worldometers zerbitzuak: koronabirusak kutsatuak, hilak eta sendatuak estatuka. Honi jarraitzen diogu ARGIAn eguneroko kontaketa egiterakoan. Apirilaren 10eko ilunabarrean honela zeukan ranking tristea: 1. Italia (1.849), 2. AEB (17.927), 3. Espainia (15.970), 4. Frantzia (13.197), 5. Erresuma Batua (8.958), 6. Iran (4.232), 7. Txina (3.336), 8. Belgika (3.019), 9. Alemania (2.688), 11. Holanda (2.511), 12. Turkia (1.006), 13. Suitza (1.001), 14. Brasil (974)… eta 15. postuan etorriko zen Euskal Herria (946) –baldin eta nazioarteak aitortutako estatu balitz–, justu Suediaren (870) aurretik.

Koronabirusaren estatistiketan munduko beste erreferentzia nagusia –ARGIAn milatan aipatu duguna– Johns Hopkins institutua da. Honen berezitasunetako bat da hildakoak eremuka banatzean Txinakoak probintziaka ematen dituela eta AEBekoak hirika. Beraz, hildakoen rankingean ez daude ez Txina eta ez AEB (horregatik darabilgu Worldometers ARGIAn). Bere logika badu, noski. Azkenean, Txinako hildako gehienak Hubei probintziak biltzen ditu (Wuhan hiria barne duenak) eta AEBetako biztanleei (institutu hori estatubatuarra da) beren hiri eta estatuen egoeraren ikuspegi zehatzagoa ematen die.

Hona Johns Hopkinsen zerrenda apirilaren 10eko gauean (eguneraketen orduak direla eta beti ez dira Worldometers-ek emandakoen berdin-berdinak): 1. Italia (10.889),  2. Espainia (16.081), 3. Frantzia (13.197), 4. Erresuma Batua (8.958), 5. New York hiria (5.820), 6. Iran (4.232), 7. Hubei (3.219), 8. Belgika (3.019), 9. Alemania (2.736), 10. Holanda (2.511), 11. Brasil (1.074), 12. Turkia (1.996), 13. Suitza (1.002) eta 14. postuan Euskal Herria (946)… justu Suediaren aurretik (870).

Bistan denez, gure buruak lasaitzeko bestelako alderaketak ere egin ditzakegu. Estatistika eta kurbez ari garela, sarritan aipatu da Italian gaixotasunak gehien kolpatu duen Lombardia. Bestalde, Espainiaren osagai izanik EAE eta Nafarroa –bien artean Euskal Herriaren zati handiena eremuz eta biztanlez– aldera dezakegu Hegoaldea Espainiako beste erkidego autonomoekin.

Espainian, Herrialde Katalanak osorik hartuta eta EAE+Nafarroa Hegoaldean batuta, apirilaren 10ean rankinga iluna honela zegoen: 1. Madril (5.953), 2. Herrialde Katalanak (4.424… Katalunia soilik hartuta 3.331), 3. Gaztela-Mantxa (1.431), 4. Gaztela-Leon (1.180) eta 5. Hego Euskal Herria (949).

Euskal Herria, garen 3,2 milioi herritar urri izanda, munduko hamalau edo hamabostgarren herrialdea gara koronabirusaren biktimatan. Europakoen artean, zortzi edo bederatzigarrenak. Milaka edo milioika herritarreko zenbat heriotza, proportzioak aztertzen hasiko bagina... are aurrerago gaude sailkapen makabroan: aurretik ez daukagu gure baino giza talde txikiagorik, aldiz, gu baino gizarte ugariagoak diren gehienen aurretik goaz.

Ikasgai asko utziko dizkigu Covid-19 birusak eragindako izurriak. Jadanik abiatu beharreko gogoeta eta eztabaidetan ikusiko da ea euskaldun abertzaleok badugun egindako okerretatik eta erakutsitako ahulezietatik ikasteko adina argi eta... apaltasun.

[2020-04-13ko eguneraketa] Aberri Egun ilunabarrean, apirilaren 13an, koronabirusagatik munduan heriotza gehien eduki dituzten herrialdeen zerrendan Euskal Herria 14. egongo zen, independente balitz 1.038 hildakoekin, justu AEB (21.422), Italia (19.899), Espainia (16.972), Frantzia (14.393), Erresuma Batua (10.612), Iran (4.474), Belgika (3.600), Txina (3.339), Alemania (2.907), Holanda (2.737), Brasil (1.144), Turkia (1.101) eta Suitzaren (1.089) atzetik eta Suediaren (899) atzetik. Nafarroaren eta Iparraldearen zain egon barik independentea Euskal Autonomi Elkartea balitz, bere 804 hildakoekin 15. litzateke munduan, soilik Suediak hartuta aurrea. Espainiari euskaldunon hildakoak kentzeak ez luke rankinga aldatuko.