argia.eus
INPRIMATU
“Euskal Herria dugu irabazteko” aldarriak Bilbo eta Gasteizen
  • “Euskal Herria dugu irabazteko” leloa eta ikurrina dituzten pankartak paratu dituzte Gasteizko Santa Maria katedralean eta San Vicente elizako kanpandorrean eta Bilboko Begoñako igogailuan. Ondoko irudiak eta sinatu gabeko irakurketa helarazi dizkiote ARGIAri.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 23a

“Desagerpenaren ateetan ematen den jaiotza, itotzeko zorian ematen den duintasun arnasa, mihia moztu aurreko azken garraxia… Frankismoaren atzaparretatik ihes egitea eta menderatuak izatearen dikotomian zalantzarik izan ez zutenei eskerrak eman dizkiegu egunotan. Nuklearrik gabeko herria irudikatu zutenak, indar okupatzaileei aurre egin zietenak… Euskal Herriaren etorkizuna lurperatzen saiatu zirenean, ez ziren konturatu haziak ginela, eta haziek lur azpian behar dutela egon elikatzeko.

Hazi horietatik, enbor sendodun haritzak sortu ziren. Enbor horietatik, adaranitz. Ikurrinak elizetan, gau-eskolak, Santu Guztien egunaren bezperan margoketak hilerrietan… Zerua ikutzeko prest dagoen zuhaitza bilakatu ginen. Mugitu ginen, kateak sentitzeko. Sentitu genituen, pentsatu eta ekin genion. Bideari, borrokari. Herriarekiko maitasuna genuen motore. Konpromiso militantea erregai. Etxeko berotasunaz gozatzea debekatu ziguten, ihesera behartuak ikusi genituen geure buruak. Hamaika aterpe, baina etxe bakarra. Herria izan genuen arnas. Zapalkuntzaren arkatzak marraztu zizkigun muga artifizialak, herri asimilatu bilakatu nahi izan gintuzten, baina gobernaezinak ginela erakutsi genuen. Euskara, hizkuntza sorgindu hura, etxeetako sukaldeetara mugatu nahi izan zuten, klandestinitatera. Eta hara non, oihurik ozenena Euskal Herri osora hedatzeko ausardia izan genuen.

Eta orain, galdera existentzialek bisitatu gaituzte. Nondik gatozen, nora goazen. Ez da idatzitako erantzunik horrelako itaunentzat, baina badira bideorria zehazten diguten baloreak. Konpromisoa, Euskal Herria aske eta sozialista eraikitzeko helburuaz barrenak hustuko ditugunaren baldintzarik gabeko konpromisoa. Leialtasuna, bidelagunekiko, proiektuarekiko. Konfiantza, gureaitzindariek gugan ezarritakoa, garaipenean ezarria dugun konfiantza. Eta batez ere, erantzukizuna. Lekukoa hartzea dagokigu, zapalkuntzak bere horretan diharduen heinean. Ukabilak batu eta estu helduko diogu gure aurrekoek utzitako legatuari, inork ez diezagula debekatu herri honengatik bizitza eman dutenak omentzea, ez baita egongo biharko Euskal Herriarik haiek piztutako suen berotasunik gabe.

Gernikako bonba hotsei adorez erantzunez sortu zuten katea, eta katea ez da eten. Kate-begia amaitu da, baina kateak tinko dirau. Zerua ikutuko dugu, piztutako izar bakoitza laztantzeko. Munduari su emango diogu, ez dadin iluntasun garairik errepikatu. Gure haurrek gaurko eta biharko ikastoletan haien izenak abestu ditzaten, herri gisa eman behar dugu. Lokatzetan aztarna berriak uztea dagokigu orain, fronte ezberdinetan aurpegia ematea, eurena estaltzeko beharrean ikusi ziren horiek omentzeko ez baitago modu hobeagorik, Euskal Herria irabaztea baino”.