1610. urteko Mithridates de differentis linguis... liburua eskuratu du Mintzoa argitaletxeak Italian. Beste hizkuntza ugariren artean Euskal Herriari buruzko bi orri eta euskarazko 100 hitz dauzka, latinezko itzulpenekin. Kaspar Waser teologo suitzarrak idatzi zuen eta ale berezia da, lehendik ezaguna izan arren.
Mintzoa argitaletxeak eman du albistea: liburu berezi bat eskuratu dute Italian. Beste azalpen ugariren artean, baskoien herriari buruzko azalpena egiten du, lurraldetasuna argi adieraziz. Euskal Herria osatzen dute Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bearnok.
Ondoren, euskarari buruzko azalpena idatzi zuen Waserrek. Leizarragaren Testamentu Berritik Aitagurearen euskarazko (hika) bertsioaren hasieraren ondoren, euskarazko 100 hitz jaso zituen, ondoan itzulpena jarrita: aita, ahardi, ahoa, aker, alaba, amar, anaya, andrea, ardoa, ardia, arima, arraya... Ikusi azpiko irudietan liburuaren orri horien argazkiak:
Hasieran zenbait hedabidek, tartean ARGIAk, aditzera eman duten arren liburua ezezaguna zela orain arte, Rikardo Gomez filologoak bere blogean azaldu du Frantziako Liburutegi Nazionalean lan honen bi ale daudela eta Bavierako Estatu Liburutegian beste bat, digitalizatuta eta publikoaren eskura dagoena gainera. Horiez gain, liburuaren beste zenbait ale ere badirela azaldu dute Mintzoako arduradunek.