"Lurraldearen defentsan lanean ari garen Euskal Herriko hainbat herri mugimenduk eta plataformak gure indarrak, ezagutzak eta ekintzak batu ditugu natura eta landa-ingurunea suntsitzen dituzten makroproiektu andana baten inposaketari aurre egiteko". Hitz horiekin eman du bere burua ezagutzera ostegunean Gasteizen Euskal Herria Bizirik sareak. Hamalau kolektibok eta norbanako gisa batu diren beste hainbat kidek osatzen dute sarea. "Megaproiektu horien guztien aurkako borroka ezinbestekoa eta urgentziazkoa da", aldarrikatu dute eta hainbat mobilizazio eta ekimenetan parte hartzeko deia zabaldu dute. Horien artean, manifestazio nazionala Azpeitian apirilaren 13an.
"Trantsizio berdearen fartsa" salatu du EH Bizirikek Gasteizen egin duen aurkezpenean, eta Lurraren defentsan batu den sare honek partekatzen duen helburua ere azaldu du: "Ingurune naturalaren babesa, trantsizio energetiko deszentralizatu eta kudeaketa komunitarioaren defentsa, landa-eremu bizi eta funtzionala bermatzea, nahiz planetaren muga biofisikoak gainditu gabe baliabide naturalen aprobetxamenduaren unibertsaltasuna, lankidetza, ondasun komunen zaintza eta erabakiguneen deszentralizazioa ezaugarri izango dituen gizarte baten alde aritzea".
Ondoren, otsailetik maiatzera bitarteko mobilizazioak eta ekimenak iragarri ditu. Nagusia, apirilaren 13an Azpeitian egingo duen manifestazio nazionala. Egun berean lurraren defentsan diharduten taldeen eta jendeen artean Topaketa egingo dute.
Martxoaren 20an, Barakaldoko BECen egingo duten "Wind Europe" kongresuan bilduko da industria eolikoa eta honen atarian elkarretaratzea eta protesta-martxa deitu ditu EH Bizirikek.
Maiatzaren 26an, berriz, mendi martxa nazionala deitu du Kolitza mendira, Balmasedatik abiatuta.
Ekimenen artean, "Hamaika" erakusketa ibiltariaren berri eman du: Euskal Herriko hamaika ilustratzailek parte hartu dute lurraldea berreskuratzeko aldarria egiten duen erakusketa artistiko honetan, eta makroproiektu eolikoek kaltetutako zenbait familia eta bizilagunen testigantzak ere jaso ditu. Bortzirietako Haizeak Bizirik taldearen ekimenez sortu den erakusketa Euskal Herriko hainbat herritan egongo da ikusgai eta estreinaldia Beran izango da, otsailaren 23tik martxoaren 3ra.
Bestalde, iragarri du Jaurlaritzak otsailean onartzeko asmoa duen Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legeari erantzuteko salaketa ekimen bat antolatuko duela EH Bizirikek. Bere hitzetan, "lege horren baitan enpresa-korporazioen interesak babestu eta makroproiektu energetikoei bultzada berri bat emateko baliatu nahi du Jaurlaritzak".
EH Bizirik mapa informatiboa ere lantzen ari dira, Euskal Herrian lurrari erasotzen dioten makroproiektuak salatzeko.
Hemen osorik plazaratu duten irakurketa:
"Arreta berezia jarri dugu Euskal Herrian gaurdaino iraun duten ekosistema natural eta sozialen babesean, defentsan eta kontserbazioan. Lurreko eta itsasoko habitatak suntsitzea eta atmosferaren kutsadura egungo kontsumo neurrigabea eta etengabeko hazkundea oinarri dituen ereduaren ondorio dira. Gure planetan bizitza ahalbidetzen duten ezinbesteko baldintza ekologikoak arrisku larrian jartzea da horren emaitza.
Eredu ekonomiko horren arau nagusia ahalik eta diru-etekinik handiena sortzea da, ingurumen- edo gizarte- arloko osakinak kontuan hartu gabe. Ekonomia eredu horren eraginez, baliabideak gehiegi ustiatzeaz gain, elite korporatibo batek kontzentratu eta kontrolatzen ditu biziari eusteko beharrezkoak diren baliabideak (ura, baso-baliabideak, haizearen indarra, eguzkia, laborantza-lurrak, haziak...), eta, ondorioz, merkantzia bihurtzen ditu baliabide horiek, biztanle gehienentzat haien eskuragarritasuna baldintzatuz, eta, okerrago dena, biziraupen-baliabideak zentzuz eskuratzeko jendeek dugun eskubide naturala pribilegio bihurtuz.
"Jendarteak aspalditik eskatzen duen aldaketaren inguruan nahasmendua sortu eta ziria sartu nahi digute"
Gauzak horrela, sistema honek eragindako krisi ekosozialari aurre egiteko indar ekonomikoek ulertzen duten jarduteko modu bakarra inposatzen jarraitu nahi dute. Eta trantsizio energetikoaren aitzaki faltsuarekin, jendarteak aspalditik eskatzen duen aldaketaren inguruan nahasmendua sortu eta ziria sartu nahi digute. "Trantsizio berdea" deitzen diote, baina berde, beren espekulazio-jokoekin poltsikoratu nahi duten diruaren kolorea baino ez da. Horregatik, fartsa hau salatzen dugu, haien asmo bakarra erregai fosilen agortze nabarmenaren aurrean eliteen negozio-eredua salbatzea eta berrantolatzea baino ez delako, hain zuzen ere eredu desarrollistaren makinaria elikatzen segitzeko ezinbestekoak dituzten merkatu-esparru berriak eta sakrifizio-lurralde berriak bilatuz.
Enpresa transnazional horiek, nazioarteko inbertsio-funtsen eskuetan daudenek, beren negozio-ereduari eusteko behar dituzten sakrifizio-eremuak seinalatzen dituzte (herri-lurrak, laborantza-lurrak, kostaldeko eremuak, itsas ingurunea, akuiferoak, hiriak, auzoak, herriak...), eremu horietako errealitate ekosoziala mespretxatuz. Bien bitartean, betiko gobernuek modu konplizean jarduten dute, korporazio horiei bidea erraztearren ingurumena babesteko eta lurraldea antolatzeko legeak hutsalduz eta saihestuz, haien ekintzek lege-babesa izan dezaten. Jokabide horren adibide gisa, Tapia Legea eta Nafarroako haren antzekoa presaka izapidetzeko prozesua aipa ditzakegu. Ihardunbide horretan, tokiko erakundeek (kontzejuek, udalek eta beste erakunde publiko batzuk...) harturiko erabaki legitimoak erdeinatu eta baliogabetu egiten dituzte, prozedura autoritarioak eta zentralizatzaileak ezarriz. Ildo honetan, Jaurlaritzak berehala onartu asmo duen Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeaz berdin baliatuko diren beldur gara, eredu hori are estuago tinkatzeko.
Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren fartsa salatzen dugu bestalde, lurraldea arpilatzeko asmoz enpresek aldez aurretik seinalatu dituzten eremuak legez ezarri nahi dituelako. Hori dena gutxi balitz, konpainia horiei dirulaguntzak ematen zaizkie Europako "Next Generation" funtsen bidez, hurrengo belaunaldiei hipotekatzen dien zor onartezina sortuz. Ezin ahaztukoa dugu, halaber, plan horien garapenak sakrifizio-lurralde berriak harrapatzea dakarrela berekin, makroberriztagarrien ereduak ezinbestean behar dituen material kopuru izugarriez jabetzeko atzerabueltarik gabeko kalteak eraginda. Lehengaien erauzketa eta azpiegitura erraldoi horien eraikuntza erregai fosilen menpekoa izateaz gain, biztanleen nahitaezko desplazamendua eragiten duen kolonialismo energetiko berri baten aurrean gaude.
Horiexek dira, laburrean esanda, Europako Batasunak, Espainiako eta Frantziako gobernuek, Nafarroakoak eta Euskadikoak –eredu ekonomiko horren zaindari diren erakundeak– bultzatzen duten trantsizio energetiko faltsuaren oinarriak, non biodibertsitatea babesteko benetako politiken gabezia hain nabaria den. Eta norabide berdinean datoz laborantza-lurren emankortasuna galbidera daramaten eta gaixotzen gaituzten nekazaritza-politikak, etxebizitza eskubidea turistentzako lehenesten dutenak, gure mendiak zementatzen dituzten azpiegitura-lan handiak (AHT) nahiz botere-gune neuralgikoak lotzen dituzten goi-tentsioko dorreen lerro berriak edota itsaspeko kableak, ingurumena kutsatzen duten erraustegiak, eta abar luze bat.
Ukaezina da, ordea, ekosistema naturalen hondamenaren eta egitura sozial orekatuagoen degradazioaren poderioz esponentzialki larrigotzen ari direla klima-aldaketaren ondorioak. Hortaz, lurraren defentsa, kontserbazioa eta biziraupenaren aldeko apustua funtsezkoa da haren ondorioak arintzeko. Hori dela eta, gure ustez guztiz salagarria da herritarren interes orokorra zaindu beharrean, enpresa handi horien sinpatiak bereganatzeko ahalegintzen eta herri-ondare osoa salgai jartzen duten Administrazioen jokabidea.
Eredu harrapari horren aurrean, Euskal Herria Bizirik Sarean helburu bat partekatzen dugu: ingurune naturalaren babesa, trantsizio energetiko deszentralizatu eta kudeaketa komunitarioaren defentsa, landa-eremu bizi eta funtzionala bermatzea, nahiz planetaren muga biofisikoak gainditu gabe baliabide naturalen aprobetxamenduaren unibertsaltasuna, lankidetza, ondasun komunen zaintza eta erabakiguneen deszentralizazioa ezaugarri izango dituen gizarte baten alde aritzea".
Makatzak Arratia, Interkonexio elektrikorik ez, Enkarterrin Makroeolikorik Ez, Oletan ere ez!, Sañu Bizirik!, Andatza Ezkeltzu Bizirik, Mendietan Eolikorik EZ-Barakaldo, Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Araba Bizirik, Larramendiko arnasa, Arabako mendiak aske, Karakate bizirik, Haizeak Bizirik (Bortziri- Malerreka), Errezil Bizirik! Eta norbanako gisa batu diren hainbat kide.