argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria bi ordu-eremutan banatuta?
  • PPren Gobernua Espainiako ordua aldatzea aztertzen ari da, Ekonomia ministro Luis De Guindosek aitortu duenez. Proposamenak aurrera egingo balu, Espainiar Estatuko ordulariak ordubete atzeratuko lirateke, Euskal Herria bi ordu-eremutan banatuz.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko irailaren 27a

Ez dagokigun ordua

Kokapen geografikoaren arabera, Portugal eta Britainia Handiak egun duten ordutegi bera dagokio Euskal Herriari. Haatik, Bigarren Mundu Gerrak aldaketak eragin zituen Europako ordu-eremuen banaketan. Hitlerrek Alemaniako ordutegia, hau da, ordubeteko aurrerapena, inposatu zion Frantziari; Francisco Francok Espainiakoa aldatu zuen Alemania naziarekiko keinu gisa; eta Portugal zein Ingalaterra ere Alemaniak ezarritako ordutegira egokitu ziren arrazoi belikoak medio.

1945ean guda amaitu zenean, Portugal eta Ingalaterra Greenwich meridianoak zehazten duen jatorrizko ordutegira itzuli ziren, ez ordea Frantzia eta Espainia. Geroztik, Ipar zein Hego Euskal Herriko ordua ez dator bat eguzkiaren kokapenarekin.

Ordu bat, hamaika arazo

Ordu bakarreko atzerapenak aldaketa nabariak eragin ditzake gizartean, Berdintasun Batzordeak Espainiako Kongresuan aurkeztu duen txostenaren arabera. Aipatu ikerketak argitzen duenez, lanaldi luzeegiak, produktibitate eskasa, lana eta familia uztartu ezina eta atseden hartzeko zein aisirako denbora gutxiago izatea dakar egungo ordutegiak.

Ordu aldaketaz gain, beste hainbat gomendio biltzen ditu bederatzi hilabeteko lanketaren emaitza den txostenak. Besteak beste, bitan banatutako lanaldi luzeak baztertzea gomendatzen du, trinkoen mesedetan, baita amatasun eta aitatasun baimenak luzatzea ere.

EAJ eta Amaiurrek oztoporik ez

PP, CiU, UPyD eta EAJk txostenaren alde bozkatu zuten; Ezker Anitza, BNG eta PSOE aldiz, abstenitu. Amaiurrek ez zuen bozketan parte hartu. Joseba Andoni Agirretxeak Berria egunkariari azaldu dionez, txostena onartu izanak ez du esan nahi gauza asko hobetu behar ez direnik. Iritzi berekoa da Onintza Enbeitia Amaiurreko diputatua: “Badakigu asko osatu behar dela txostena, baina ez diogu bidea oztopatuko, eztabaida garrantzitsua jartzen duelako mahaiaren gainean”.